10 erronka neskak mundu osoan eskolara joan ahal izateko

Munduko 42 milioi neskato inguruk haien hezkuntzarako sarbidea baldintzatu egiten duten hainbat genero-diskriminazio jasaten dituzte.
10 erronka neskak mundu osoan eskolara joan ahal izateko

Hezkuntza oinarrizko eskubidea izan arren, kalkuluen arabera, mundu osoan 78 milioi adingabe ez dira eskolara joaten. Horietatik guztietatik, 42 milioi inguru neskak dira. Izan ere, neskatoek haien hezkuntzarako sarbidea baldintzatu egiten duten hainbat genero-diskriminazio jasaten dituzte. Amnesty International, Entreculturas, Mundo Cooperante eta Save the Children erakundeek salatu dutenez, neskek hamar oztopo gainditu behar izaten dituzte ikasi ahal izateko. Erakunde horien esanetan, erronka horiei aurre egin behar zaie, neskatoen etorkizuna eten ez dadin.

  • Neska izateagatiko hezkuntza-diskriminazioarekin amaitzea. Afganistan da 12 urtetik gorako neskek hezkuntza debekatuta duten munduko herrialde bakarra. Baina hezkuntza-desparekotasunak herrialde garatuenetan ere aurki daitezke hezkuntzak genero-alborapena duelako.
  • Eskolan aniztasuna aitortzea. Neska izate hutsagatiko hezkuntza-diskriminazioari beste diskriminazio batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola gutxiengo etnikoei galaraztea.
  • Eskolarako eskubidea desgaitasunen bat duten neskentzat. Desgaitasunen bat duten neskatoak desbantailan daude, eskolarako sarbidetik hasita familiek etxean irakurtzen dizkieten liburuetaraino. Munduan desgaitasunen bat duten 240 milioi haur inguru daude. Haur horiek gainerakoek baino % 47 aukera gehiago dituzte lehen hezkuntzara ez joateko.  
  • Haurren ezkontzari eta haurdunaldi goiztiarrei amaiera ematea. Hezkuntza gutxi edo batere ez duten nesken ezkontzeko probabilitatea bigarren hezkuntza amaitzen duten nesken kasuan baino sei aldiz handiagoa da.
  • Hezkuntza afektibo-sexuala, osasuna eta hilekoaren higienea eskolan. Sexu-hezkuntza integralak funtsezko zeregina du sexu-abusuen kasuak prebenitzeko eta goiz detektatzeko, eta nahi ez den amatasuna murrizteko. Hilekoak ere ez luke nesken heziketan eragin negatiboa duen arazoa izan behar.
  • Gatazketan gerra-arma gisa erabiliak ez izatea. Gatazka-eremuetan, neskek mutilek baino % 90 aukera gutxiago dute hezkuntzarako sarbidea izateko. Gatazka gehienetan ohikoa da haur soldaduak errekrutatzea. Horietatik, % 40 inguru neskak dira, eta, sarritan, “sexu-objektu” gisa erabiltzen dira. 
  • Neska errefuxiatuek eskolara joan nahi dute. Indarrez desplazatutako 100 milioi pertsonatik ia erdiak haurrak eta nerabeak dira, eta beren herrialdeetatik ihes egin behar dute gerretatik, pobreziatik, indarkeriatik eta jazarpenetik ihes egiteko. Haur errefuxiatuen erdia baino ez da eskolara joaten, eta laurden bat baino ez da bigarren hezkuntzara iristen.
  • Pobreziatik atera. Diru-sarrera ertainak eta baxuak dituzten herrialdeetan, 10 urteko haurren % 70 inguruk ez daki irakurtzen edo ez du ipuin erraz bat ulertzen. Munduko etxe pobreenetako hiru neska nerabetik bat ez da inoiz eskolara joan.
  • Klima-aldaketa geldiarazi. Klimarekin harremana duten muturreko fenomenoen ondorioz, urtero hainbat eskola itxi behar izaten dira, miloika haur hezkuntzarako aukerarik gabe utziz. 2020. urteko datuen arabera, 800 milioi haur inguruk ezin zituen eskolan eskuak garbitu oinarriko instalazioen faltagatik.
  • Eskola seguruak eta indarkeriarik gabekoak. Mundu osoan zehar neskato askok eskolara joan behar dute gutxieneko segurtasun bermerik gabe. Erasotuak dira eskolara bidean, bere ikaskideen isekak eta irainak pairatzen dituzte, edo telefono mugikorretan edo Interneten dabiltzan zurrumurru difamatorioekin umiliatuak dira. Jazarpen zibernetikoa areagotzen ari da, eta erasotzaileek anonimatuan jardun dezakete, identifikatu eta zigortzeko beldurrik gabe.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE