Urriaren 7an hasi ziren eskola-kiroleko lehiaketak Bizkaian, eta denboraldi honetarako, Bizkaiko Foru Aldundiak Eskola Kirola programaren eskaintza handitu du. Horrela, aipatu programak 62 lehiaketa-jarduera eta 229 hastapen- eta jolas-ikastaro eskainiko ditu hasi berria den denboraldian, guztira 8.119 plaza eskainiz. Aurreko urtearekin alderatuta 389 plaza gehiago izango dira, hots, % 5 gehiago. Hazkunde horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak ziurtatu nahi izan du haur gehiagok izango dutela eskola-kirolean parte hartzeko eta ohitura osasungarriak txikitatik garatzeko aukera.
Bizkaiko eskola-kirolak 42.000 ikasle baino gehiago erakarri zituen iaz. Aurtengo programa garatzeko, Foru Aldundiak 1.630.000 euro bideratuko ditu. Programa honen helburu nagusia gazteen artean kirol-ohiturak sortzea da, hezkuntza-balio positiboak eta bizimodu osasungarria sustatuz.
2023-2024 Eskola Kirolaren programa hiru ardatzetan banatuko da: kirolaren hastapena, hastapen- eta jolas-jarduerak eta lehiaketa-jarduerak. Kirolaren hastapenak Lehen Hezkuntzako lehen mailetan jarrriko du arreta; hastapen- eta jolas-jardueren helburua, berriz, Bizkaian dauden askotariko kirol-aukeretara hurbiltzea da. Bestalde, lehiaketa-jarduerek hainbat kirol-ibilbide eskaintzen dituzte, ikasle bakoitzaren beharretara eta nahietara egokituta.
Ikasleen babesa eta ongizatea bermatzeko, neurri garrantzitsu bat ezarri da denboraldi honetatik aurrera: eskola-kirolean parte hartzen duten erakunde guztiek adingabeen ongizatea zaintzeko ardura duen pertsona bat izendatu beharko dute, eta arlo horretan jarduteko protokolo bat izateko konpromisoa hartu.
Gainera, txartel beltzaren erabilera zabalduko da. Txartel honek “zigortu” egiten du ikasleek, jokaleku barruan edo kanpoan, parte hartzen duten kirol-lehiaketa batean gerta daitekeen ekintza oro, baldin eta kirol-lehiaketa horren hezkuntza integralean laguntzen ez badu. Bereziki, hitzezko indarkeria edo indarkeria fisikoa, edo kiroltasunaren aurkako jarrerak.
Eskola-kiroleko jardueretan, debekatuta daude hezkuntza-lanaren kontrako ekintzak, kirolariak, teknikariak edo ikusleak izan, hitzezko indarkeria edo indarkeria fisikoa eta kiroltasunaren aurkako jarrerak barne. Lehentasuna ingurune seguru eta aberasgarri bat mantentzea da, kirolaren bidez ikasleen garapen integrala bultzatzeko.