“Zubirik 2025 Planaren” barruan, Bilboko Udalak “San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako kontakizunak” literatur lehiaketa jarri du abian, aipatu auzoetan bizi edo ikasten ari diren gazteentzat. Abenduaren 1era arte, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala kaleetako bizimoduan oinarrituta idatzi ahal izango dituzte beren kontakizunak, euskaraz, gaztelaniaz edo nahi duten beste edozein hizkuntzatan, baldin eta jatorrizkoarekin batera itzulpen bat aurkezten bada.
Ekimen horren bidez, Udalak hiru helburu ditu: gazteei ahotsa ematea, auzoetako kultura-baliabideetara hurbiltzea, eta gazteen, ikastetxeen, kultura-baliabideen eta tokiko merkataritzaren arteko sareak indartzea. Era berean, hiru auzo horietako kultura- eta hezkuntza-baliabideekin lankidetzan aritzea bilatzen du Udalak, San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako errealitate soziala eraikitzen duten ikuspegiak, bizipenak eta istorioak ikusarazteko, eta auzo horietako kide izatearen eta harro egotearen sentimendua sustatzeko.
Epaimahaia Bilboko Udaleko kide batek, Begirune Fundazioko ordezkari batek eta proiektuan kolaboratzaile diren Katixa Aguirre eta Aixa de la Cruz idazleek osatutako dute. Jasotako lan guztietatik, 8-15 kontakizun aukeratuko dira, eta, ondoren, aipatutako idazleek emango duten tailer batean landuko dira kontakizun horiek, hobetzeko asmoarekin. Azkenik, Blackie Books argitaletxeak koordinatutako antologia batean argitaratuko dira.
Ekimen horren bidez Bilboko Udalak hiru helburu ditu: gazteei ahotsa ematea, auzoetako kultura-baliabideetara hurbiltzea, eta gazteen, ikastetxeen, kultura-baliabideen eta tokiko merkataritzaren arteko sareak indartzea.
Horrez gain, irabazleei kontsumo-txartel bana emango zaie San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako liburu-dendetan erabiltzeko, eta 20 accesit ere emango dira.
Bizi-kalitatea hobetzen
“Zubirik 2025 Planak” 7,3 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Horretarako, 36 jarduera jarri dira abian hainbat arlotan: sozialean, hirigintzan, osasunean, mugikortasunean, merkataritzan, hezkuntzan, prestakuntzan, lanean eta berdintasunean.