V. Gazte Planaren xedea da emantzipazioa bultzatzea

Helburua da 2030ean gazteen emantzipazio-tasa % 50era hurbiltzen laguntzea, maila horretan kokatzen baita Europar Batasuneko batez bestekoa.
V. Gazte Planaren xedea da emantzipazioa bultzatzea

Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa bultzatzea eta gazteen garapena eta gizarte-eraldaketetan parte-hartzea sustatzea helburu dituen ‘V. Gazte Plana’ onartu du. Plana gazteen emantzipazioarekiko kezka sakoneko testuinguru batean kokatzen da, Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategiko bihurtu den gaia baita.

Emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzeak zuzeneko lotuta du gazteen aukerekin, euskal gizartea gaztetzearekin eta belaunaldi arteko eta belaunaldi barruko kohesioarekin. Horregatik herrialde-helburu eta lehen mailako lehentasun bilakatu da Eusko Jaurlaritzarentzat. Gazte Plan berriak Eusko Jaurlaritzak gazte-politika integrala garatzeko eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio.

Gazte Plana Eusko Jaurlaritzaren zeharkako gazte-politika bultzatzeko tresna sendoa da 1999tik. V. Gazte Planaren berritasuna da egoera berri batean kokatzen dela, 2022an Gazteriaren Legea onartu ondoren.

Gazte Plan berriaren helburua da 2030ean gazteen emantzipazio-tasa % 50era hurbiltzen laguntzea, maila horretan kokatzen baita EB-27ko batez bestekoa (% 50,6). Emantzipatzeko batez besteko adinari dagokionez, helburua 28 urtetik beherakoa izatea da.

Plan berriak Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko, gazteen garapena errazteko eta gizarte-eraldaketan inplikatzeko hartzen dituen neurriak biltzen ditu.

Dokumentuan erronka zehatzak jasotzen dira, hala nola gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea, osasun mental positiboa bultzatzea, osasun fisikoa sustatzea ohitura osasungarriak hartuz, etxebizitza eskuratzeko laguntza-politiken, jasangarritasunaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloko ahaleginei eustea, aukera-berdintasunean, inklusioan eta aniztasunean aurrera egitea, gazteei sortutako edota zuzendutako kultura-eskaintza bultzatzea, gazteek politika publikoen formulazioan parte-hartze handiagoa izatea ahalbidetzea eta belaunaldien arteko orekan arreta jartzea.

‘V. Gazte Plana’ lau ardatz estrategikotan egituratzen da: 15 esku-hartze arlo, 33 helburu eta 73 jarduera-ildo ditu.

Egitura horren definizioa sailen arteko kontsulta-prozesu zabal baten emaitza da. Prozesu horri esker, gazte-politikaren orientazio estrategikoen egokitasuna baliozkotu da, eta jarduera-eremu berriei buruzko ekarpenak txertatu dira, eta, beraz, helburu partekatuak biltzen ditu.

2023ko Programa

Ardatz eta helburu nagusi horiek ekartzeko helburuarekin, 2023ko ekitaldiari dagokion Plan Operatiboa egin da. Plan Operatibo hau egiteko, zuzendaritza bakoitzak gogoeta egin behar izan du gauzatu beharreko jarduketa guztiak, erabiliko den aurrekontua, ebaluazio-adierazleak eta lortu beharreko helburua zehazterakoan jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko. Guztira, 263 jarduketa aurreikusten dira, 314.894.028 euroko aurrekontuarekin.

Emantzipazioaren ardatzean, honako hauek nabarmentzen dira: gazte langabeak kontratatzeko Lehen Aukera programa; hezkuntza-mundurako edo ekintzailetzarako trantsiziorako bekak; Global Training eta BEINT bekak; Gaztelagun Programaren alokairua ordaintzeko laguntzak; eta 25-29 urteko gazteen emantzipazioa errazteko Emantzipa laguntza berria.

Emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzea lotuta dago gazteen aukerekin, euskal gizartea gaztetzearekin eta belaunaldi arteko eta belaunaldi barruko kohesioarekin.

Gazteen garapenari dagokionez, drogen kontsumoaren arriskuak prebenitzeko eta murrizteko jarduerak, haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurkako sentsibilizazioa, nazioarteko mugikortasunerako bekak edo eremu ez-formalean euskararen erabilera indartzeko programak biltzen dira.

Gainera, boluntariotza-programak sartzen dira gazteen parte-hartze aktiboa behar duten arloetan, hala nola genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko zerbitzu espezializatuak, LGTBI pertsonei laguntzeko ekintzak edo 2030erako Eskola Agendaren programa.

Azkenik, Gazte Planak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 helburuetatik 12tan laguntzen du; horien artean, bereziki nabarmentzen dira kalitatezko hezkuntza, genero-berdintasuna, eta lan duina eta hazkunde ekonomikoa, helburu eta jomuga komun ugari dituelako.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE