Joan den azaroaren 10ean, Memoria Eguna ospatzeko ekitaldia egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldi horretan gazteenak izan ziren hizpide, iragan hurbilean gertatutakoaren berri izatea eskatzen duen belaunaldia.
“Memoria duen etorkizuna. Jakin nahi dugu!” lelopean, Gogora-Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztien oroimenez antolatutako urteroko ekitaldi honek erakundeetako agintariak, Giza Eskubideen arloko gizarte-ehunaren ordezkariak eta hezkuntza-erakundeetako ordezkariak bildu zituen.
Ekitaldiari hasiera emateko, 2022-2023 ikasturtean ikasgelako hezkuntza-materialekin lan egin duten irakasleak eta ikasleak protagonista dituen bideo bat eman zen. Ikasturte honetan zer zekiten edo zer ez zekiten eta zer ikasi duten hausnartu dute, bai eta Euskadiko historia hurbileko gertakari traumatikoenei hezkuntza-arloan ere heltzeko beharraz ere.
Jarraian, ia 180 gonbidatuak talde heterogeneoetan eseri dira, ikasleek, irakasleek, gizarte-eragileek eta erakundeetako arduradunek osatutako taldeetan, planteatu zaizkien gaiei buruzko hausnarketa eta bateratze-lana egiteko.
Parte-hartzaileek, beren esperientzia pertsonaletatik abiatuta, memoria eraikitzen lagun dezaketen esperientziei buruz hitz egin dute, transmisioan lagunduko duen ideia edo konpromiso batekin amaitzeko. Horien artean, 110 ikasle eta irakasle, Euskadiko Bigarren Hezkuntzako 13 ikastetxetatik, Euskal Herriko Unibertsitatetik eta Deustuko Unibertsitatetik etorriak.
Jardunaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi zuenez, “herri honen oraintsuko memoriak balioa eman behar dio gaur egun giza garapen iraunkorrean erreferentzia den herri bat eraikitzeko egindako ahalegin kolektiboari”, eta, era berean, “ezagutu ditugun terrorismoaren eta indarkeria politikoaren esperientzia traumatikoak ere oso gogoan izan behar ditu. Hilketak, mehatxuak, indarkeria eta estortsioa izan diren herrialde baten etorkizuna eraikitzen ari gara. ETAk min eman zion herri honi eta aske hegan egitea eragotzi. Herri honek ere pairatu behar izan ditu terrorismo parapoliziala eta eskuin muturrekoa, ‘gerra zikina’ deritzona, eta tortura, horiek denak, zoritxarrez, Euskadiren kronika beltzaren parte dira”.