Genero-desberdintasunaren aurkako sormena eta konpromisoa

Beldur Barik lehiaketak Donostia, Mutriku, Ondarroa, Elgoibar, Bilbo eta Tolosako ikastetxeetako ikasleen lanak saritu ditu.
Genero-desberdintasunaren aurkako sormena eta konpromisoa

Beasaingo Usurbe Antzokia Beldur Barik 2023 Topaketaren sari banaketaren eta urteroko topaketaren lekuko izan da. Topaketak euskal gazteek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurrean duten jarrera aktiboa ospatzen du. Aurten, ikus-entzunezko lehiaketak Donostia, Mutriku, Ondarroa, Elgoibar, Bilbo eta Tolosako ikastetxeetako ikasleen lanak saritu ditu.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailak sustatu du programa, Emakunderen bitartez, Foru Aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan, eta gazteen sormen-ahaleginak eta adierazkortasuna aitortu eta saritzen ditu ikus-entzunezko lehiaketa baten bidez.

 

Irabazleak

Ekitaldi honetan, 300 lan inguru aurkeztu dituzte nerabeek eta gazteek, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. Saritutako bideoak eguneroko desberdintasun-egoerei sormenez, adierazkortasunez eta umorez heltzeagatik nabarmendu dira.

12 eta 13 urtekoen kategorian, Donostiako BHI Antigua Luberri taldearen “Denok berdinak gara” bideoak irabazi du, genero desberdintasunei buruzko esperimentu grafikoa erakutsiz. Aipamen berezia Donostiako “Beldurbarik” bideoarentzat izan da, kiroleko desberdintasunari aurre egiteko neska gazteek duten jarrera islatzen baitu.

14 eta 18 urte bitarteko kategoriak % 70eko parte-hartzea izan du, eta Mutriku BHIko ikasleen “Arimak” bideoak lortu du lehenengo postua. Ikusezintasunetik borrokatu duten emakumeen genealogiaren bidez hunkitu egiten duen lana izan da, eta bere kalitate teknikoari esker ekoizpen artistiko onenaren saria ere lortu du.

Aipamen berezia Ondarroako “Heldu da hegan egiteko ordua” lanarentzat izan da, nerabeek gizarte matxista batean dituzten ziurgabetasunak transmititzen dituena.

19 eta 20 urtekoen kategorian, Elgoibarko ikasleek egindako “Emakumeen eguneroko borroka” lanak jaso du saria, emakumeek matxismoaren aurka duten eguneroko borroka umorez adierazten duen bideoak.

Bilboko CIFP Txurdinaga LHIIren “Haizeberri” bideoak aipamen berezia lortu du emakume baten ahalduntzea barne elkarrizketa baten bidez kontatzeagatik.

Publikoaren saria Tolosako Orixe BHIko mutil talde batek egindako “Berdintasun genRAP” bideo musikalari eman zaio.

Sari-banaketaren aurretik tailerrak egin dira, hainbat gairi helduz, nesken ahalduntzea bultzatuz eta gizonezkoen pribilegioak zalantzan jarriz. Gainera, Topaketan izan diren gazteek elkarretaratze batean parte hartu dute, indarkeria matxista gaitzesteko.

Iban Garciak eta Annekdotasek aurkeztu dute gala, eta Alarma Morearen emanaldia ere izan da.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE