Euskadiko hamar ikastetxe publikok jarri dute abian Ikaslab gunea, eta beste hamahiru ikastetxe abian jartzen ari dira. Ikaslab proiektuaren helburua da ikasleak beren ikaskuntza-prozesuaren protagonista bihurtzea. Horretarako, espazio fisiko malguak eta argiak sortzen dira, eta metodologia aktiboak erabiltzen dira.
Ikaslab proiektuak espazio fisikoetan esperimentatzeko aukera ematen die Euskadiko ikastetxeei, ikasketa eta irakaskuntza prozesurako espazio berritzaileak sortu eta birpentsatzeko.
Espazio malgu eta irekiek ikaskuntza formalaren eta informalaren arteko oztopoak haustea ahalbidetzen dute, eta ikasleen jakin-mina eta ikertzeko nahia pizten dituzte. Horren ondorioz, ikaskuntza sakonagoa da.
Espazio horiek altzari moldakorrez eta mugikorrez hornituta daude, eta ikaskuntza-prozesurako gailu digitalak dituzte.
Hezkuntza Sailak Ikaslab jarri zuen abian 2022-2023 ikasturtean, proiektu pilotu gisa, eta ikerketa-prozesu bat hasi du UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatearekin. Gune horien eragina ikertu nahi da, Euskal Hezkuntza Sistemarako eredu propio bat sortzeko.
Espazio horiek altzari moldakorrez eta mugikorrez hornituta daude, eta ikaskuntza-prozesurako gailu digitalak dituzte.
Ikastetxe bakoitzak bere errealitatera edo hezkuntza-proiektura egokitzen du Ikaslab proiektuaren eskema orokorra. Hori bai, berekin dakartzan oinarri teoriko nagusiei eutsi behar die, hala nola ikasleen autonomia eta protagonismoa irakatsi eta ikasteko prozesuetan, irakasleen laguntzaile rola, prozesu kognitiboen arreta edo gaitasun eta konpetentzia kritikoen garapena.
Garatzen ari diren esperientziak partekatzeko eta ikasteko espazioen esperimentazioan sakontzeko, azaroaren 29an “Ikaslab: ikas-espazioak esperimentatzen” jardunaldia egin zen Bilbon. Bertan, Ikaslab gune bat abian jarri duten edo jarriko duten ikastetxeetako 200 profesional eta ordezkari baino gehiago bildu ziren.
Ikasketa eta irakaskuntza prozesua hobetzea
Proiektuaren helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Irakaskuntza-prozesuak berrikustea ahalbidetuko duten metodologia berriak ezartzea, ikasleek trebetasunak eta gaitasunak garatu ahal izan ditzaten, hala nola ikerketa eta talde-lana, berdinen arteko ikaskuntza, erronken ebazpena…
- Gaitasun digitalaren eskurapena hobetzea, teknologia digitalen hezkuntza-integrazioa lortzeko.
- Ikasgela espazio malgu, eroso, sortzaile eta inspiratzaile bihurtzea, antolamendu fisikoan eta ikasgelako girotzean aldaketak eginez.
Ikastetxe bakoitzak bere errealitatera edo hezkuntza-proiektura egokitzen du Ikaslab proiektuaren eskema orokorra, proiektuaren oinarri teoriko nagusiei eutsiz, hala nola ikasleen autonomia eta protagonismoa ikasketa eta irakasketa prozesuetan.
Hainbat gune
Espazio malgu hori, aldi berean, hainbat eremutan banatzen da, ikasleek eremu bakoitzean egiten duten zereginaren edo lanaren arabera:
- Ikertu gunean ikasleek modu autonomoan jardungo dute ikertzeko, informazioa bilatzeko eta autoesploraziorako.
- Sortu gunea jakintzaren sorkuntzarako gune bat da. Bertan, ikasleek ikaskuntza prozesuan landutako eta garatutako ezagutzak eurek sortutako produktu batean islatuko dituzte.
- Komunikatu gunea egindako lanak aurkezteko gunea da.
- Pentsatu gunea ez da berez espazio fisiko bat; aitzitik, zeharkako prozesu bat da, gainerako puntu guztietan agertzen eta eragiten dena, eta guztiak elkarrekin lotzen dituena.