Ikasleek garatutako 59 enpresa-egitasmo aurkeztu dira Araba Ekinean-ek antolatu duen aurtengo Azokan. Ekimena Erdi-mailako eta Goi-mailako Heziketa Zikloetako ikasleak ikasgeletatik enpresa-munduan sartzeko eta ikasleen espiritu ekintzailea sustatzeko diseinatuta dagoen Ikasenpresa programaren barruan garatu da.
Aurtengo edizioan Arabako Lanbide heziketako zortzi zentrok parte hartu dute Gasteizko Santa Barbara plazan izan den azokan: Gamarrako Ostalaritza Eskola, Ciudad Jardín LHII, Egibide Jesús Obrero, Mendizorrotza Ostalaritza-Eskola, Mendizabala, Eraiken LHII, Egibide Nieves Cano eta Arkaute Nekazaritza LHII.
Era askotako proposamenak
Esan bezala, guztira, 59 izan dira ikasleek aurkeztutako proposamenak. Horietan guztietan ekintzaile gazteen sormena eta asmamena ikusi ahal izan da. Elikagaien sektorea proposamen berritzaileekin nabarmendu zen, hala nola Km 0 produktuen vending-makina, glutenik gabeko ogia eta opilak edo olioa saltzeko elkartasun-proiektuak.
Horiez gain, mugikortasun jasangarriak ere bere lekua izan du aurtengo azokan. Zentzu horretan, ikasleek aurkeztu dituzten ideien artean honako hauek nabarmendu daitezke: patineteak, auto elektrikoak eta bizikleta tolesgarriak. Herritarroi egunerokotasuna erraztea helburu duten beste zenbait ideia era aurkeztu ziren, adibidez, mugikorrentzako aplikazio ezberdinak edo altzari bihurgarriak.
Km0 produktuak saltzeko vending-makina bat, altzari bihurgarriak edo mugikortasun jasangarriagorako produktuak Araba Ekinean 2024 programari hasiera eman dion azokan ikusi ahal izan diren negozio-ideietako adibide batzuk
Eskola-enpresen Azoka, ikasleek ikasturtean zehar garatu dituzten ideien erakusleihoa izateaz gain, Ikasenpresa programaren puntu gorena ere bada. Izan ere, parte-hartzaileek benetako bezeroen aurrean beren lana erakusteko aukera dute, beren ideia eta proiektuen bideragarritasuna frogatuz.
Araba Ekinean 2024rako abiapuntua
Gainera, Azoka Araba Ekinean programaren aurtengo edizioan izango diren ekimenen abiapuntua ere izan da. Urtero programa horren barruan antolatzen diren ekintzen artean ‘Zure ideiak balio du’ eta ‘Ekin Day’ azpimarra daitezke.
Eskola-enpresen Azoka Ikasenpresa ekimenaren azken erakusleihoa da eta urtean zehar garatu dituzten proiektuak jendaurrean erakusteko aukera ematen die Arabako ikasleei
Lehenengoak garapen maila ezberdinean diren arabar ekintzaileen negozio-ideiak saritzen dituen lehiaketa da eta pasa den urtean, adibidez, berrogeita hamar proposamen inguruk parte hartu zuten. Ekin Day, berriz, Arabako ekosistema ekintzailearen topagune eta inspirazio- eta ikaskuntza-gune den jardunaldia da eta bertan, besteak beste, ekintzailetza- eta berrikuntza-esperientziak partekatzen dira. Jardunaldi horretan, gainera, Araba Ekinean Sariak banatzen dira. Sari horien bidez garapen bidean den ekintzailetzaren adibide bat eta ekintzailetzaren esparruan ibilbide esanguratsua izan duen arabar bat saritzen dira.