Eten digitala gainditzeko laguntza jaso dute 3.700 gaztek ‘Aukerak Suspertzen’ programaren bidez

Programa hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak eta desabantaila soziala duten Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzenduta dago
Eten digitala gainditzeko laguntza jaso dute 3.700 gaztek ‘Aukerak Suspertzen’ programaren bidez

Pasa den urtean desabantaila sozialeko egoeran diren 3.700 haur eta nerabe inguruk eten digitala gainditzea helburu duen ‘Aukerak Suspertzen’ programaren laguntza jaso zuten. 2023an aipatu programaren laguntza jaso zuten adingabeen kopurua, 2022arekin alderatuta % 31n igo da, urte horretan, laguntzaz baliatu ziren ikasleak 2.829 izan baitziren.

Aukerak Suspertzen Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak sustatzen duen ekimena da eta hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten eta desabantaila sozialean diren adingabeen beharrei erantzutea da bere lehentasun nagusia. Horretarako, besteak beste, adingabe horiek pairatzen duten eten digitalarekin amaitzen lagundu nahi du, besteak beste, eskolaz kanpoko laguntza indartuz eta tokiko sare komunitarioaren aktibazioa sustatuz.

Boluntarioak

Programak laguntza eman dien adingabeen kopurua handitzeaz gain, aipatzekoa da iaz programaren boluntarioen kidegoak ere % 30 baino gehiago egin zuela gora. Izan ere, 171 boluntario berrik bat egin zuten programarekin pasa den urtean eta horri esker, boluntarioen kidegoa 727 lagunetaraino iritsi zen.

Aukerak Suspertzen programa Covid-19aren pandemiak eragindako ondorioak arintzeko ‘Inor Atzean Utzi Gabe’ fondoaren bidez 2020. urtean abian jarri ziren zortzi ekimenetako bat da. Hasiera batean behin behineko izaera zuen arren, 2021. urteaz geroztik Familia eta Haurren Zuzendaritzaren aurrekontuetan finkatu den programa bilakatu da.

Gailuak eta konektibitatea bezalako baliabide materialak hornitzeaz gain, Aukerak Suspertzen programak gaitasun digitalak eta hezkuntza-laguntza ere indartzen ditu, betiere, adingabe bakoitzaren eta bere familia-ingurunearen berariazko beharretara egokituz. Horretarako, hezkuntza-erantzunak aktibatzen ditu programak, boluntarioen eta profesionalen, administrazio publikoen eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen lankidetzatik abiatuta.

Agintzari gizarte ekimeneko kooperatibak koordinatuta, programak hiru lurralde historikoetako 90 udalerritan banatuta dauden 20 erakunderen laguntza du.

Programa zenbakitan

Esan bezala, pasa den urtean programaren laguntza jaso zuten ikasleen kopuruak % 31 egin zuen gora, 3.710 ikasleengana iritsiz. 2022arekin alderatuta 881 gehiago izan dira laguntzaz baliatu diren adingabeak. Hazkunde hori Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan islatu da, baina, bereziki, Bizkaian. Lurralde horretan laguntza jaso duten ikasleen kopurua 1.444tik 1.844ra pasatu da. Araban laguntza jaso duten ikasleen kopurua 429tik 941era pasatu da eta Gipuzkoan, berriz, 689tik 925era. Laguntzaren onuradunen % 76 ikastetxe publikoetako ikasleak izan dira eta % 24, aldiz, itunpeko ikastetxetakoak.

Programa Euskadiko 90 udalerritan garatu da, 2022an baino 7 gehiago: Bizkaian 49, Gipuzkoan 29 eta Araban 12.

Laguntza jaso duten ikasleen kopuruak gora egin duenez, laguntzaz baliatu diren familien kopuruak ere gora egin du. Zehazki, eta 2022ko datuekin alderatuta, 2.201etik 2.896 familietara iritsi da laguntza; hau da, % 31,5 gehiago. Familiaren tipologiari dagokionez, 2.896 familia horietatik % 60 bi gurasoko familiak izan dira, % 36 guraso bakarreko familiak eta % 4 bestelako familiak.

Zuzeneko hezkuntza-ikuspegiaz gain, baliabide teknologikoen zuzkidura ere indartu da. Horrela, 307 gailu eta 152 konektagarritasun-txartel banatu dira online hezkuntzarako sarbidea errazteko eta urrutiko ikaskuntza laguntzeko.

Laguntza jaso duten ikasleen % 75 Lehen Hezkuntzako ikasleak dira. Programaren laguntza jaso duten adingabe guztietatik 1.932 (% 48) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bidez iritsi dira. Zerbitzu horiek dira, hain zuzen ere, desabantaila sozialean aurkitzen diren familiak hautematen dituztenak.