Urtarrilaren 24an ospatzen den Hezkuntzaren nazioarteko Egunaren harira Save the Children GKEak ezagutzera eman zituen datuen arabera, pasa den urtean, gatazkan dauden edo hauskortzat jotzen diren herrialdeetan bizi diren haurren heren bat ez zegoen eskolatuta.
Munduko Bankuaren arabera, gatazkan dauden edo hauskortzat jotzen diren 34 herrialdeetan, gutxi gorabehera, eskola-adinean dauden 103 milioi haur eskolatu gabe geratu ziren 2024an. Kopuru hori mundu osoan den batez bestekoa (sei haurretik bat) baino nabarmen okerragoa da.
Adibidez, 2023ko apirilean hasitako gatazkaren ondorioz 17,4 milioi haur inguru eskolatu gabe geratu dira Sudanen. Palestinako Lurralde Okupatuetan, 2023ko urritik gaur gunera arte egindako aire erasoek eskola-eraikinen % 96 suntsitu edo kaltetu dituzte eta eskola-adinean dauden 625.000 haur hezkuntza-sarbiderik gabe geratu dira. Nigeriak, berriz, munduko eskolatu gabeen tasa altuenetako bat du eta, ondorioz, 18 milioi haur baino gehiago dira eskolara ez doazenak.
Milioika haur eskolatu gabe daude faktore-konbinazio bat dela eta, hala nola gatazka armatuak, hondamendi klimatikoak, eskolei egindako erasoak eta hezkuntzan egindako finantzaketa baxua
Gerran hiru urte baino gehiago daramatzan Ukrainan egoera honakoa da: 576 hezkuntza-zentro (eskolak, haurtzaindegiak eta unibertsitateak barne) kaltetu edo suntsitu ziren 2024an. 2023an suntsitutako hezkuntza-zentroak jada 256 izan ziren. Ikastetxe fisikoren ezean, Ukrainan milaka haurrek online jarraitu behar izaten dituzte beren ikasketak lurpeko ikasgeletan edo, zuzenean, beren ikasketak utzi behar izan dituzte. Gerraren ondorioz, herrialde horretan ia hiru urteko hezkuntza-atzerapena dute.
Krisi klimatikoak eskolaratzea amaitzen du
Milioika haur eskolatik kanpo daude faktore-konbinazio bat dela eta, hala nola hezkuntza-azpiegiturak suntsitzen dituzten eta/edo komunitateen lekualdaketak eragiten dituzten gatazka armatuak;, 2020. urteaz geroztik 27 herrialdetan 62 milioi adingaberen hezkuntza eten duten hondamendi klimatikoak; eta 2022 eta 2023 artean erabilera militarragatik % 20 hazi diren hezkuntza-zentroei egindako erasoak. Horrez gain, hainbat hamarkadatan zehar hezkuntzan egindako inbertsio baxuek zuzeneko eragina izan dute eskolatu gaberik ez egoteko borrokan.
Save the Children-en ustez funtsezkoa da hezkuntzan inbertitzea, gatazken arrazoi sakonei heldu ahal izateko eta gizarte egonkor eta baketsuak eraikitzeko. GKEak azaltzen duenez, “haurren hezkuntza-maila hobetzea gatazka gutxiagorekin eta bake-maila altuagoarekin lotuta dago”.