‘Elkarrekin Bidean’ programak Bilboko eskola-elkarbizitza hobetzen du

Programa Bilboko lau ikastetxetan garatu da urritik martxora bitartean eta 393 haurrek parte hartu dute beren familiekin eta irakasleekin
Elkarrekin Bidean

Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren laguntzarekin, sustatu duen “Elkarrekin Bidean. Elkarbizitza lantzen” programa pilotua amaitu da bost hilabeteko jardueraren ondoren. 2024ko urria eta 2025eko martxoa bitartean garatu den programa honek oso emaitzak positiboak lortu dituela azaldu dute antolatzaileek.

Programa Bilboko lau ikastetxetan garatu da: Gabriel Aresti HLHI, Luis Briñas, CEIP Ingeniero José Orbegozo eta CEIP Otxarkoaga LHLIn. Guztira, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako 393 ikaslek parte hartu dute, haien familiekin eta irakasleekin batera. 

“Elkarrekin Bidean” programaren helburu nagusia da komunikazio eta bitartekaritza tresnak eskaintzea, gatazkak modu baketsuan konpontzea sustatzeko eta talde-kohesioa indartzeko. Horretarako, 126 prestakuntza-ordu garatu dira 22 tailerretan banatuta, metodologia ikastetxe bakoitzaren behar zehatzetara egokituz. 

Programa Ongizate Bitartekaritza Elkartearekin egin da, eta bitartekaritzako profesionalen diziplina anitzeko talde bat du (4 profesional), hainbat eremutan (familian, eskolan, komunitatean…) prestakuntza eta esperientzia duena.

“Hainbat azterlanen arabera, gure ikasgela bakoitzean haur bat eskola-jazarpenaren biktima gisa aitortzen da, eta bi ikasgelatik batean, berriz, beste bat jazarle gisa”, azaldu du Hezkuntza Saileko zinegotzi delegatu Eider Bilbaok. Programak errealitate horri aurre egin nahi dio “ikasleen autonomia eta rol aktiboa sustatuz elkarbizitzaren eraikuntzan eta hobekuntzan”. 

Parte hartu duten lau ikastetxeek modu positiboan ebaluatu dute ekimena, bereziki nabarmenduz programa ikasleen behar berezietara egokitzen dela eta emandako tresnak erabilgarriak direla eguneroko egoerak kudeatzeko.

Argazkia: Bilbao.eus