932 milioi analfabeto munduan

0
82

Irailaren 8an Analfabetizazioaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu osoan. Hori dela eta, pasa den irailaren 8 eta 10 bitartean, Indiar gobernuaren eta UNESCOren E9 Ekimenaren eskutik, “Emakumezkoen alfabetizazioa garapen jasangarri eta barneratzaile batentzako” naziorteko hitzaldia burutu zen Indiako hiriburuan.
UNESCOk emandako datuen arabera, gaur egun, munduan 793 milioi heldu analfabeto dira, eta hauetatik, gehienak emakumezkoak dira. Gainera eskolara joateko adinean diren beste 139 milioi haur inguru ere analfabeto dira eskolara joateko eskubidea bermaturik ez dutelako. Analfabetismoaren arazoa larritzat jo daiteke zenbait herrialdeetan, izan ere, bertako populazioaren erdia baino gehiago analfabetoa baita: Burkina Faso, Txad, Etiopia, Gambia, Ginea, Haiti, Mali, Niger, Senegal eta Sierra Leona. Analfabetismoak ez du eskualde guztietan eragin bera. Horrela, Asiako hegoaldea eta mendebaldea dira analfabeto gehien dituzten eskualdeak. Eskualde hauetan munduan diren analfabetoen erdia baino gehiago bizi da. Analfabetismoak larriki jotzen dituen bestelako eskualdeak Sahara hegoaldeko Afrika (%21,4), Asia ekialdea eta Pazifikoa (%12,8), Arabiar estatuak (%7,6), Latinamerika eta Karibea (%4,6). Amerikako iparraldean, Europan eta Erdialdeko Asian munduko analfabetoen %2a aurkitzen da.
Unescoko Zuzendari Orokorra Irina Bokovak adierazi duenez, “alfabetizaziorako konpromezu politiko sendoagoa behar da munduan”. Bokovaren iritziz, eragile desberdinentzat alfabetizazioa lehentasuna bilakatu behar da.
New Delhin burututako bileran, munduan den egoera aztertzeaz gain, Sejong Erregea eta Confucio alfabetizazio sariak banatu ziren. Burundiko Alfabetizazio Zerbitzu Nazionalak Sejong sarietako bat irabazi zuen 2010 eta 2011 artean 50.000 pertsona baino gehiago alfabetizatzea lortzeagatik. Bigarren Sejong saria Mexikoko Helduen Hezkuntzarako Institutu Nazionalak irabazi zuen garatutako hezkuntza elebidun programak direla eta.
Confucio Saria, berriz, Estatu Batuetako Room to Read erakundeak irabazi zuen bertako hizkuntzetan argitaratutako argitalpenen bidezko alfabetizazioa sustatzeagatik. Kongoko Errepublika Demokratikoko Alpha Ujuvi taldeak ere Confucio saria irabazi du pertsona eta taldeen arteko tirabirak konpontzeko garatutako modelo berritzaile bati esker.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.