Ikasleriaren herena bekaduna da

0
70

Krisi ekonomikoak hezkuntza beken eskaera eta bekadunen kopurua handitu du. Euskal Autonomia Erkidegoan 121.809 bekadun daude unibertsitate hezkuntzatik at, ia ikasleriaren herena.


Unibertsitatean ez diren hiru ikasleetatik batek hezkuntza beka bat du. Krisi ekonomikoa dela eta hezkuntza bekak eskatu dituzten ikasleen kopuruak gora jo du, eta honekin batera, baita beka bat duten ikasleen kopurua ere. Egun pairatzen dugun krisiaren ondorioz, gero eta familia gehiago dira beka bat jasotzeko baldintzak betetzen dituzten familiak, eta ondorioz, eskaera kopuruak goruntz jo du. Aurten, unibertsitate hezkuntzatik at 121.809 ikaslek jaso dute bekaren bat.
Eusko Jaurlaritzak 97 milioi euro bideratuko ditu hezkuntza beketara, hots, duela hiru urteko aurrekontua baino %32,5 gehiago. Esan bezala, hazkunde honetarako arrazoirik nagusiena krisi ekonomikoa da, eta horrela, 2008/09 ikasturtean hezkuntza beketara 73,5 milioi euro bideratu baziren, hasi berria den ikasturterako 97 milioi euro bideratuko dira, hots, duela lau urte baino 23,5 milioi euro gehiago.
97 milioi euro hauetatik, 53 milioi euro unibertsitatetik kanpoko hezkuntzara bideratuko dira, duela lau urte baino %18,2 gehiago. Isabel Celaá Hezkuntza sailburuak kopuru hauetara iristeko egin behar izan den esfortzua azpimarratu du. Unibertsitate hezkuntzatik kanpora bideratutako 53 milioi euro horiek duela lau urte bideratutako 50 milioiak gainditzen dituzte. Honi esker, horrelako beka bat jasotzeko aukera izan duten ikasleak ikasleriaren herena dira.
Unibertsitate hezkuntzatik kanpora bideratutako beka kopuruaren zatitik handiena jantokiko laguntzetara (%66,3) eta eskola materialera (26,2) bideratzen dira. Bestalde, unibertsitate hezkuntzako beketara bideratutako kopurua 43,9 milioikoa da, duela hiru urte baino %53 gehiago. Berriz ere, Celaák politika hauek mantentzeko egin behar izan den aurrekontu esfortzua azpimarratu nahi izan du, are gehiago, krisialdi ekonomiko honen testuinguruan. Sailburuaren esanetan, “beka hauek guztiak beharrezkoak dira hezkuntza eskubidea berdintasunean berma dadin”, ikasleen jatorri sozioekonomikoa kontutan hartu gabe.

Jantokia eta eskola materiala
Aurreko ikasturtean, Unibertsitatean ez ziren 369.566 ikasleetatik 121.809k bekaren bat jaso zuen. 2008/09 ikasturtearekin alderatuta, honek %12,3ko hazkundea suposatzen du eta, horrela, ikasleriaren ia herena bekaduna da.
Unibertsitatean ez diren ikasle bekadunen artean, %63ak sare publikoan burutzen ditu bere ikasketak eta %37ak sare pribatuan. Hezkuntza Sailetik adierazten denez, azken urteetan “unibertsitatean ez den ikasleriaren hazkundea handiagoa izan da sare publikoan (%13,5 gehiago) sare pribatuan baino (%10,6 gehiago)”.
Unibertsitatetik kanpoko beken gastua, batez ere, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntzan eta DBHn ematen da, bertan, ikasleria bekadunaren %85 inguru aurkitzen baita.
Unibertsitatetik kanpoko beketan, eskola materiala, jantokia, joan-etorriak edota bizilekua bezalako eremuak sartzen dira. Esan bezala, dirulaguntza gehienak jantokiko gastuak ordaintzeko (53 milioi eurotatik 33 atal honetara bideratzen dira) eta eskola materiala ordaintzeko (13 milioi euro) bideratzen dira. Celaák azaltzen duenez, hau egoera logikoa da, “derrigorrezko hezkuntza mailatan irakakuntza guztiz doakoa baita”. Ostera, derrigorrezkoak ez diren mailetan “%100an hitzartu ez diren ikasketak burutzen dituzten ikasleek soilik dute hezkuntza beketarako aukera”.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.