350.000 euskal gazte ikasgeletara bueltatu dira

0
58

Ikasle kopurua %2,5ean hazi da. Bigarren urtez jarraian, eskola publikoa hitzartutakoa baino gehiago hazi da, hezkuntza sisteman sartu diren 7.708 ikasle berrietatik 5.071 sare publikora joan baitira

Iraila iritsi da, udako oporrak amaitu dira eta ikasgelak, berriz ere, beteta aurkizten dira. 2011/12 ikasturtea Euskadiko 349.500 ikaslerentzat hasi da, hots, iaz baino %2,5 ikasle gehiago. Hezkuntza sisteman sartu berri diren hiru urtetik gorako 7.708 ikasleetatik, 5.071k euskal eskola publikoa aukeratu dute. Ikasturte honetarako Eusko Jaurlaritzak ezarri duen helburuak euskal hezkuntza sisteman “kalitatea eta bikaintasuna” mantentzea eta ikasleriaren emaitzak hobetzea dira.
Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak burutu zuen pasa den irailaren 2an Bergarako San Martín Aguirre eskolan. Krisiak baldintzatzen dituen une hauetan , sailburuak euskal hezkuntzan murrizketarik emango ez dela ziurtatu zuen eta Eusko Jaurlaritza euskal hezkuntza publikoaren egoera hobetzeko esfortzu handia burutzen ari dela azpimarratu zuen. Era berean, irakasleriaren egonkortasuna sustatzeko zalantzarik gabeko apostua ere egin zuen hezkuntza sailburuak.
“Hezkuntza gastuetan murrizketak egitea erabaki duten beste Autonomia Erkidegoekin alderatuta, Gobernu honen uste sendo politikoa hezkuntza mantentzea da” ziurtatu zuen Celaák eta, era berean, “hezkuntzak ezin du gelditu” baieztatu zuen, besteak beste, “garapena nahi duen edozein gizarteren ardatza delako”.
Aurten ere, eskola publikoa hitzartutako sarea baino gehiago hazi da. Familien erdiak baino gehiagok, bigarren urtez jarraian, sare publikoa aukeratu du. Horrela, ikasleen %49,3ak bere ikasketak sistema pribatu edo hitzartuan burutu dituen bitartean, beste %50,7ak publikoan egingo du. Kopuruetan islatuta, horrek esan nahi du 161.138 ikasleek sistema publikoa hautatu dutela, iazko ikasturtean baino 5.071 ikasle gehiago. Sare pribatuan, berriz, 156.953 ikasle izango dira, 2010-10an baino 2.637 ikasle gehiago.
Ikasturte berri honetan, Lehen Hezkuntzan, 3.381 ikasle berri daude. Hau iaz izandako hazkundea baino txikiagoa da. DBHn, berriz, 1.902 ikasle berri daude, iaz baino 703 ikasle gehiago, eta Haur Hezkuntzan, 2.182 ikasle gehiago, iaz baino %2,5 gehiago. Derrigorrezkoa den ondorengo hezkuntzan ere ikasleen kopurua hazi da, 1.044 ikasleetan hain zuzen ere.
Herrialdeka, Araba da ikasle berri gehien izan dituen lurraldea, %3,3ko hazkundea izan duelarik. Jarraian, Gipuzkoa aurkitzen da (%2,7) eta azkenik, Bizkaia %2,1eko hazkundearekin, beti ere iazko ikasturteko datuekin alderatuta.
Celaák euskal exekutiboak euskal familiek euskal eskola publikoan jarritako konfidantza babestuko dutela ziurtatu du.
Era berean, D ereduak (euskarazkoa) gurasoek gehien hautatzen duten eredua izaten jarraitzen du, izan ere, ikasleen %60a eredu honetan dago (190.724 ikasle). A ereduan (gazteleraz) ikasleen %18,2ak ikasten du eta B ereduan (elebiduna) %21,8.

Ezagutzak hobetuz

Hezkuntza Saileko helburuetako bat “gaitasun maila ertaina eta aurreratua lortzen duten ikasle kopurua gutxienez %5ean haztea da”. Helburu hau lortzeko, Celaák “hezkuntza kantitate gehiago behar da, horrek kalitate gehiago suposatzen duelako” azpimarratu zuen eta familien inplikazioa eskatu zuen “hezkuntza hezkuntza-komunitate osoaren gauza delako, eta ez bakarrik eskola eta irakasleriarena”.
“Bikaintasuna” hezkuntzan, Sailburuaren esanetan, “ekitatetik” pasatzen da, eta Euskadin, ikasketak uzten dituzten ikasleen kopurua Europako kopuruetan eta estatuan ematen denaren erdia dela adierazi zuen.
Hezkuntza sailaren beste erronka bat gazteen artean zientziarekiko bokazioa piztea eta lanbide Heziketaren hirugarren plana garatzea izango da. Azken honekin, “gazteengan ilusioa piztu eta lana aurkitzeko aukerak biderkatzea espero da, Lanbide Heziketa moderno eta malgu batean oinarrituta”. Lanbide Heziketa berri honetan ere hirugarren hizkuntza baten ezagupena lehentasuna izango da lan merkaturatzea errazteko.

Ordenagailu gehiago eta hirueletasuna

Ikasturte honetan zehar, hezkuntza sailak bere bi ekimen nagusienak bultzatzen jarraituko du: Eskola 2.0 eta eredu hirueleduna.
Ikasturte honetan, 118 ikasgunek parte hartuko dute Hezkuntza Hirueledunaren Markoaren esperientzian. Guztira, 7.324 ikasle izango dira hiru hizkuntzatan ikasiko dutenak; iaz baino 3.867 ikasle gehiago.
Era berean, ikasgelen digitalizazioa Lehen Hezkuntzan errealitate bilakatu da jada 5 eta 6. mailetan instalatuta diren 39.000 ordenagailuekin. Ikasturte honetan, gainera, DBHra ere hedatu egingo da beste 20.000 ordenagailu gehiagorekin. Honi guztiari arbel digitalak, tresneria kargatzeko armairu elektrifikatuak eta komunikazio azpiegiturak gehitu behar zaizkio.
Hezkuntza sailburuak hezkuntza sistemaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen gazteriaren ehun morala indartzen laguntzeko “hezkuntza baloreetan egin behar delako edo bestela ez da ezer”. Era berean, euskal gizartea honen aldeko apostua egiteko une ezin hobean dagoela adierazi zuen. “2011/12 ikasturtea gure itxaropenerako ikasturtea izango da, terrorismoaren basakeria behin betiko desagertzearena. ETArik gabe, Euskadi eta euskal hezkuntza hobeak izango dira” iragarri zuen.
Celaáren ustez, eskolak “memoriaren kaxa” izan behar du, “berez ezagutzaren esparrua” delako, eta “baloreetan hezitzea egin daitekeen inbertsiorik handiena eta onena da, eta terrorismoaren biktimekiko enpatiarekin egitea egin gabe dagoen lana da” adierazi zuen sailburuak. “Emaitzak positiboak izaten ari dira, eta gero eta eskola gehiago dira arau eta materia gehiago eskatzen dutenak, gaia normaltasunez ulertzen dutelako” amaitu zuen Celaák.

Irakasle gehiago

Irakasleriaren aldeko apostua, Sailburuaren esanetan, azken legealdian izan diren Enplegu Eskaintza Publikoetan agerian geratu da. Horrela, 3.064 irakasle berri funtzionario izatera pasa dira. Uda honetan bertan 1994. urtetik izan den eskaintzarik garrantzitsu eta kopurutsuena izan da. Bertan, 1.462 irakaslek plaza finkoa lortu dute.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.