M-Learning: Ikasgela poltsikoan

0
93

Estatistikako Institutu Nazionalak 2010ean egindako ikerketa baten arabera, 10 eta 15 urte bitarteko haurren %66,7k sakeleko telefono propioa du. Ehuneko hau, %97,8raino hazten da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Sakeleko telefonoen erabilera guztiz hedatua dago ikasleen artean eta horrek arazo bat suposatu du hainbat eskoletan. Hori dela eta, hauetako askotan, aipatu gailuen, eta antzeko beste zenbait gailuen (PDAak, Tabletak, MP3/MP4ak) erabilera debekatu da.

Hala ere, bada erabilera hau arazotzat jo beharrean aukeratzat jotzen duen korronte edota metodologia bat. Izan ere, ikasle gehienek gailu hauek erabiltzen trebeak badira, eta etorkizunean horrelako gailuak erabiliko dituztela jakinda, zergatik ez txertatu sakeleko telefonoen erabilera trebakuntza edo hezkuntza prozesuan? Horixe da hain zuzen, M-Learning delakoak planteatzen duena, hots, sakeleko telefonoek duten gaitasun izugarria ikasgeletan ere aprobetxatzea. Definizioz, M –Learning-a haririk gabeko Interneterako konexioa duen edozein gailu txikiren (sakeleko telefonoak, tabletak, agenda elektronikoak…) bidez egiten den ikasketa prozesua litzateke. Gezurra badirudi ere, definizio honetatik at geratuko lirateke orain erabiltzen diren netbook edo ordenagailu eramangarri txikiak.

Nola erabili?

M-Learningak sakeleko telefonoak ikaskuntza prozesuetan erabiltzea planteatzen du, hala nola, gai bat garatzeko, ikasgaiak ikasteko, ariketak egiteko… Sakeleko telefonoen kasuan, bere tamaina dela eta, oso erabilgarri suerta daitezke, gaur egun diren aplikazio desberdinei esker, tamaina edo luzera handia ez duten edukiak sortu edota lortzeko. Tamaina handiagoko edukientzat, apika, tabletak egokiagoak izango lirateke.

Gaur egun nagusi diren Smartphone-ek hainbat aplikazio dituzte eta hauen kopurua egunero biderkatzen ari dira: mezuak bidaltzeko (WhatsApp), hizkuntzak (itzultzaile automatikoak), geokokapena (mapak), hiztegiak, kalkulagailua…

Adituen esanetan, tabletak izango dira etorkizuneko hezkuntzan izar nagusia. Ordenagailuen ia gaitasun bera izanik askoz ere tamaina txikiagoa dute eta erabilera ere, naturalagoa da. Sakeleko telefonoekin alderatuta, tabletetan bai luzera handiko edukiak landu daitezke.

Teknologia berriak

Hezkuntza arduradunek esfortzu handia egin dute bere ikasguneak teknologia berriek ematen dituzten aukeretara egokitzeko. Hala ere, oraindik ere hainbat hutsune somatzen dira. Zergatik ez, orduan, ikasleek jada dituzten gailuetaz baliatu? M-Learning-ak ez du soilik gailu hauek profitatzeko aukera ematen, azken finean, erabileran aurkitzen baita abantailarik handiena. Kontutan izan behar da, gailu hauek edonon eta edozein momentutan erabil daitezkeela. Hau, abantaila handia da ikaslearentzat, trebakuntza pertsonalizatuaz gain, metodologia honek dakarren dinamismoa askoz ere erakargarriagoa izan baitaiteke.

Morgan Stantley egindako ikerketa baten arabera, aurten, mundu mailan 500 milioi Smartphone salduko dira mundu osoan. Erakunde beraren arabera, salduko diren ordenagailuen kopurua askoz ere txikiagoa izango da. Aipatu kopuruetara tableten kopuruak gehitu beharko genizkieke eta orduan, etorkizunean gailu hauek nagusituko direla ohartuko gara. Tamaina eta pisu gutxi duten gailuak izanik, ikasleek beti eramango dituzte beraiekin. Hau guztia mahai gainen jarrita, zentzuzkoa al da honen erbilera eskolan mugatu edo debekatzea? Ez al da zentzuzkoagoa jada ikasleek duten (eta erabiltzen duten) gailu batzuk aprobetxatzea?

Esperientzia bat Euskadin

Zarautzko Arte eta Historia Museoak ‘Menosca Espedizioa’ izeneko M-Learning ekimena garatu du. Hau DBHko ikasleei bideratutako ekimena da eta bertan, euskal kostaldearen erromanizazio prozesua lantzen da. Ekimenak bi egunetako iraupena izaten du. Lehenengo egunean, ikasleek plantatzen diren edukiak landu behar dituzte Interneten informazioa bilatuz, mapak landuz… Bigarren egunean, eta sakeleko telefonoetaz baliatuta, ikasleek jarduera desberdinak burutu behar dituzte: argazkiak atera, mapak kontsultatu, bideoak grabatu, orientazioa… Bildutako informazio horrekin guztiarekin, ikasleek ikerketa lan bat burutu behar dute.

Erabilpen desberdinak

• QR Kodeak: Informazioa QR kodeen bidez aurkeztu ahal zaie ikasleei hauek bere sakeleko telefonoen bidez irakur ditzaten. Paretetan jarrita, kode hauek jakingura sor dezakete. Era berean, gai baten inguruko informazio gehiago lortzeko balio ahal dute.

• Etxeko lanak: Sakeleko telefonoak etxekolanak daudela bergogorazteko balio dute. Trabakuntzarekiko konpromezu handiago lor daiteke.

• Bilaketa azkarrak: Ikasleak taldeka antolatzea eta sakeleko telefonoekin bilaketak egitera gonbidatzea ikasteko modu berritzailea izan daiteke.

• Argazki kamara: Sakeleko telefono guztiek argazki kamara bat dute barneratuta. Hauekin, arbelan idatzitakoa, posterrak edo bestelako materiala irudikatu eta ondoren inprima daiteke. Argazki hauek ere Bluetooth teknologiaren bidez parteka daitezke.

• Bideo kamara: Klasera etorritako aditu baten hitzaldia edota klasean egindako esperimentu bat bideoz grabatu eta ondoren partekatu edota sarera igo.

• Grabagailua: Telefonoa grabagailutzat ere erabil daiteke. Hau elkarrizketak egiteko etab… erabil daiteke.

• Kronometroa: Ariketa edota zenbait esperimentuetan denbora ezinbestekoa da. Ikasl bakoitzak denbora kontrola dezake bere telefonotik.

•Bideodeiak: Honek aukera ematen du gai baten inguruan aditua den norbaitekin hitzegiteko. Taldeka lan egiten bada, talde bakoitzak aditu desberdin batekin hitzegin ahal du eta ondoren informazio hori guztia partekatu.

•Hizkuntzak jolasten ikasi: hainbat aplikazio daude hizkuntzak ikasteko modu atseginean: itzultzaileak, ahozkera lantzeko, entzumena lantzeko, irakurmena, idazmena…

• Kalkulagailua: Sakeleko telefono guztiek kalkulagailu bat dute. Klasetik kanpo egin behar diren eragiketetarako baliogarri izan daitezke.

Sakeleko telefonorako aplikazioak egunero biderkatzen direnez, gero eta aukera gehiago daude ikasgelan edukiak modu desberdinean lantzeko aukerak. Gainera, Europa mailan jada sakeleko telefonoen bidez ikasteko aplikazio desberdinak garatzen ari dira: eragiketa matematikoak egiteko aplikazioak, gai desberdinen inguruko galdetegiak, azterketa ondo prestatzen ari zaren jakiteko testak… Orain arte izandako esperientzien arabera, metodologia hau jarraitu duetn ikasleek, emaitza hobeak lortzeaz gain, ikasketa prozesuarekiko interes handiagoa azaldu dute.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.