Euskal gazteriaren argazkia

0
64

p1251Eusko Jaurlaritzak kalera atera berri du ‘Gazteen Argazkiak 16’ txostena. Azken ale honek Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren iritzi eta jarrera politiko eta sozialak jorratu ditu Kultura Demokratikoa Euskadin titulupean. Txostenean gazteriaren eta biztanlego helduagoaren iritziak ere alderatzen dira

‘Gazteen Argazkiak 16’ Prospekzio Soziologikoen eta Gazteen Euskal Behatokiak elkarlanean egindako ikerlana dugu eta hamaseigarren ale honetan kultura demokratikoa Euskadin jorratu da. Aipatu txosten honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteriak gai politiko eta sozial desberdinen inguruan duen iritzia jaso da. Iritzi hauek guztiak aztertzeaz gain, 29 urtetik gorakoekin egindako ikerketa berdinean lortutako emaitzekin alderatu dira honetan lortutakoak. Horretarako, 3626 pertsonen iritziak jaso dira, 1554 gazteena eta 2072 29 urtetik gorako pertsonena.

Txostena 6 ardatz nagusitan dago banatuta, halaber, egoera pertsonalaren balorazioa; balio eta jokabide sozialak; jarrera eta jokabide politikoak; sozializazioa eta parte hartzea; demokraziaren funtzionamenduarekiko asebetzea; eta estatuaren lurralde antolamendua.
Egoera pertsonalari dagokionez, aipatzekoa da gazteriak bere egoera pertsonalari zein etorkizunarekiko itxaropenaren inguruko balorazio negatiboagoa duela 2010ean ildo berean lortutako emaitzekin alderatuta. Horrela, bere egoera pertsonalarekin pozik dauden gazteen portzentajea duela bi urteko %75etik oraingo %63ra jaitsi da. Etorkizun hobea izango duten gazteen ehunekoa, berriz, 2010ean lortutako %64tik oraingo %43ra jaitsi da.

Jokabide sozialak
Atal honetan familia eta lan arloa azaltzen dira gazteriaren ardatz. Kontrako aldean, berriz, gai politikoak eta erlijioa azalduko lirateke. Bizikidetzari dagokionez, gazteen artean tolerantzia hazi dela azpimarra daiteke. Horrela, toleranteagoak azaltzen dira bere zirkulukoak ez diren pertsonak bizilaguntzat izaterakoan (ezker muturreko jendea, aurrekari penalak dituzten pertsonak, sexu-langileak, homosexualak, etorkinak…)

Aldaketa nabarmenena “ETAko kideekiko” zein “ETAk mehatxatuekiko” jarreran gertatu da, bizilagun bezala edukitzea axolako litzaiekeen gazteen ehunekoa hurrenez hurren 14 eta 11 puntu jaitsi baita. Ez da aldaketa handirik sumatu ETAk eragindako biolentziaren inguruko gazteen iritzietan. Biktimei dagokienez, 10etik 7 ekintza terrorista guztien biktimei laguntzearekin bat datoz. Gazteriaren %62k uste du “ETAren jarduera giza eskubideen urraketa izan zela”, %9 ez daude baieztapen horrekin ados eta gainerako %29 ez dira ez ados eta ez aurka azaldu.
Gizarte-balio eta portaeren onarpenari dagokionez, jarrera irekienak “sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari” eta “abortu libre eta borondatezkoari” buruz adierazi dira, baita “berak eskatuta gaixo sendaezinari hiltzen laguntzeari” buruz ere.

Balio politikoak
Politikarekiko euskal gazteriak duen jarrera aldatu egin da apur bat, izan ere politikarekiko axolagabekeria eta asperdura sentimenduak urritu eta nabarmen areagotu dira haserrea (%21etik %30era) eta mesfidantza (%50etik %58ra).

Politikaren garrantzia onartzen duten gazteen kopurua hazi bada ere, politikariei buruzko pertzepzioak negatiboa izaten jarraitzen du. Alderdi politikoen inguruko iritzia ere ez da oso ona eta gehiengoaren ustetan, aldeak alde, alderdi guztiak berdintsuak omen dira. Hemen ere, iritzia negatiboa izan arren gazteriaren gehiengoak alderdien rola funtsezkotzat jotzen du talde eta klase sozial desberdinen interesak defendatzeko.

Profil politikoari dagokionez, Euskadiko gazteak helduak baino ezkertiarragoak eta apur bat abertzaleagoak dira.

Sozializazioa eta parte hartzea
Ikerlan honen arabera euskal gazteriak ez omen du gai publikoetan parte hartzeko prestutasun handirik, baina bai helduek baino gehiago. Ekintza politiko eta sozialetan partehartzea asko areagotu da azken lau urteotan, gazteen atsekabe sozialaren adierazle. Gazteriaren %60ak ekintza sozial edo politikoren batean parte hartu dute azken urtebetean; batez ere grebatan, baimendutako manifestazioetan, eskaera aldarrikatzaileak sinatzean edo arrazoi politiko, etiko edo ingurumenekoak direla eta produktu jakinak erostean.

Talde edo elkarteetako kidetza maila nahikoa berdintsu mantendu da denboran eta 10 gaztetik 4 inguruk diote talde edo elkarteren bateko kide direla, batez ere kirol elkarteetakoak eta kultura edo aisiaren ingurukoak.

Gazteek gero eta maiztasun handiagoz hitz egiten dute politikaz esparru guztietan: familian, lagunartean eta lankide edo ikaskideen artean. Era berean politikaz hitz egiteko askatasun handiagoa hautematen da. Politikari buruz gehiago hitz egiteaz gainera, gazteek gehiago jarraitzen dituzte halaber, politikarekin lotutako albisteak, batez ere Interneten bidez.

Demokrazioarekiko Poztasuna
Demokraziaren funtzionamenduarekiko poztasun mailak behera egin du aurreko ikerlanan lortutako emaitzekin alderatuta. Horrela, demokraziarekin oso pozik azaltzen diren gazteen kopurua soilik %25ekoa da eta %70ak, berriz, demokraziarekin oso pozik edo batere pozik ez dagoela onartzen du.

Giza eskubideen betetze mailan iritzi desberdinak aurki daitezke. Horrela, zenbait eskubideen betetze mailarekin pozik daudenen kopurua hazi bada ere (bizitza eskubidea, adierazpen askatasuna…), bestelako kasuetan kontrakoa eman da, hala nola, lanerako edota hezkuntzarako eskubideak.

Euskadin zein Espainian botere gehien duten erakunde edo taldeak identifikatzean, bankuak aipatu dira gehien, baita Euskadin ere, 2010ean gazteek boteretsuentzat zuten Eusko Jaurlaritzaren aurretik.

Estatuaren lurralde antolamendua

Gazteek nahiago duten Estatuaren lurralde-antolamendu eredua da “Autonomia Erkidegoak dituen gaur egungoa bezalako estatua” (%32), eta ondoren, oso hurbil, “Nazionalitateak estatu independente izatea onartuko lukeen estatua” (%29). %17k nahiago lukete “Estatu federala, autonomia erkidegoek orain baino autonomia gehiago dutelarik” eta %4k “Gobernu zentral bakarra duen estatua, autonomiarik gabea”.

Azkenik, 30 urtetik beherako gazteek, helduek baino babes txikiagoa eman diote Autonomia Estatutuari; gaur egun erreferenduma errepikatuko balitz, gazteen %28k eta helduen %39k emango lukete baiezko botoa. Berdin gertatzen da Konstituzioarekin ere: gazteen %24k eta helduen %36k emango lukete aldeko botoa.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.