BCCek familiarteko sukaldaritza sustatzeko proiektu bat jarri du abian

0
55

Basque Culinary Centerrek “Sukaldatu/A cocinar” izeneko proiektua jarri du abian, Ikastolen Elkartearen eskutik eta Eroskiren babesarekin. Proiektuaren helburua familiarteko sukaldaritza sustatzea da, familiaren barruan elikadura osasungarria bultzatzeko. Izan ere, elkarrekin sukaldatu eta jatea familiaren eta familia-hazkuntzaren funtsezko elementuak direla uste du BCCk.

“Sukaldatu/A cocinar” proiektuaren bidez sukaldaritzak hainbat alorretan duen eragina nabarmendu nahi da. Horien artean osasuna, familiarteko loturak, kultura soziala eta, tokiko produktuen bidez, tokiko aberastasuna azpimarra daitezke. Hala, osasunari dagokionez, garrantzi handikoa da sukaldaritzan jarraibide osasungarriak betetzea, adibidez, menuak ondo antolatzea eta produktu freskoak erabiltzea, eta sukaldaritzari denbora ematea. Izan ere, ezin dira bereizi jateko ekintza eta, horren aurretik, sukaldatzekoa –hori, gainera, gizateriaren garapenaren funtsezko elementua izan da–, ezta sukaldatzekoa eta taldean jatekoa ere, batez ere familiartean. Era berean, jatea –eta, lehenago, sukaldatzea– familia-kohesioaren eta herrialdeko kultura sozialaren eragile nagusietako bat da.

Ikastolan eta etxean
Filosofia horren arabera, proiektuaren asmoa da euskal ikastoletako neska-mutilek kontzientzia hartzea sukaldaritzaren eta elikadura orekatuaren garrantziaz, baita familiek ere, horiek ekimenaren oinarrizko eragileak baitira.

Hala, proiektuak hiru ardatz ditu: ikastola, familia eta dendak edo supermerkatuak. Horien bidez, familiarteko sukaldaritzak eta elikadurak osasunean duten eraginaz kontzientziatu nahi du. Izan ere, sukaldatuz gozatzea, elikagai freskoak aukeratzea, oso industrializatuta ez dauden produktuak kontsumitzea eta elkarrekin sulkaldatzeko denbora hartzea dira sukaldaritza osasungarriaren eta osasun onaren oinarriak. Ildo horretan, Harvardeko Unibertsitateak egindako ikerketa batek frogatu duenez, sukaldaritzak eta osasunak oso lotura estua dute, eta zenbat eta denbora gehiago eman sukaldatzen, orduan eta denbora gutxiago ematen da jaten, sukaldatzen denean zentzuzkoagoa baita jateko ekintza.

Esku hartzearen nondik norakoak
Hezkuntza-proiektu honek hiru esparrutan eragingo du: Ikastolei (ikasleei eta irakasleei) elikadura osasungarriari buruzko unitate didaktikoak, material dibulgatiboa eta elikadurarekin lotutako eskolaz kanpoko jarduerak eskainiko zaizkie.

Jarduera horiek ikastolan bertan gurasoen prestakuntzarekin eta tailerrekin osatuko dira: menuak, elikagaiak, askariak… Azkenik, Eroski dendetan material dibulgatiboa, jarduerak eta produktu espezifikoak izango dira elikadura osasungarriaren inguruan.

Horretarako, Basque culinary Centerrek sukaldariz eta nutrizionistaz osatutako talde bat eratu du. Horiek izango dira programa diseinatzeko eta ikastoletan eta gurasoen artean ezartzeko arduradunak.

Lehen urratsak
Basque Culinary Centerrek lehen urratsak eman ditu jada “Sukaldatu/A cocinar” kanpainarekin Oñatiko Txantxiku eta Portugaleteko Astileku Ikastoletan, eta ekainaren 4an, asteartean, Elorrioko Txintxurri Ikastolan izango da.

Bietan, Txantxikun eta Astilekun, 9 eta 11 urte bitarteko gaztetxoekin egin da ekimena. Horrela bada, lau egunetan bi orduko tailerrak egin dituzte, hainbat ikasgelatako ikasleekin: nutrizio-jarraibideei, elikatzeko ohitura osasungarriei eta bertako eta sasoiko produktuei buruzko azalpenak jaso dituzte, jakiak prestatzen lehen urratsak emateaz gain. Gainera, gaztetxoek, jakiak prestatu ondoren, elkarrekin jaten dute prestatu dutena. Txantxikun, gainera, tailer bat egin zen gurasoekin.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.