Bakearen eta bizikidetzaren aldeko lan taldean parte hartzeko gonbidapena luzatu die EGK-k gazteei

0
28

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak azaroan zehar grabaturiko ‘Bake Ibilbideak’ ekimenaren bideoa aurkeztu berri du

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) ‘Bake Ibilbideak’ ekimenaren bideoa aurkeztu berri du. ‘Bake Ibilbideak’ pasa den urteko azaroan egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan eta horri esker, bertan parte hartu zuten gazteek iraganean, orainean eta etorkizunean bakean eta bizikidetzan bizitako egoerak, ikuspuntuak eta sentimenduak elkarbanatzeko aukera izan zuten. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren Youtube kanalean igota dagoen zazpi minutu inguruko bideoan, ekimenaren irudiak eta gazteen iritziak ikus daitezke egunero hitz egiten ez den gai baten inguruan. Urte honetan zehar EGK-k gai horiek jorratzen jarraituko du eta gazte guztiak gonbidatu nahi ditu abian jarriko den bake eta bizikidetza lan taldean izena ematera.

‘Iraganetik, zer gogoratzen duzu?’, ‘Oraina nola ikusten duzu?’, ‘Zein gizartean bizi nahi duzu?’… Parte hartzaileek horrelako galderak erantzun behar izan zituzten eta bukaeran norberak bere buruari bideo bat grabatu zion egunean ikasitakoa etorkizunean ez ahazteko.

EGK-ko ordezkariek adierazi dutenez, “egindako ekintzekin argi geratu da gazteok asko dugula bakea eta bizikidetzaren inguruan esateko; horregatik, EGK-k arlo honetako jarduerak egiten jarraituko du. Besteen artean, bakea eta bizikidetza lantzeko talde sortu nahi da”.

Lan talde honen helburua Bakea eta Bizikidetzarekin lotura duten nazioarteko egunetan gazteentzako ekimenak pentsatzea, prestatzea eta garatzea da. Era berean, gai hauen inguruan ikuspuntuak eta bizipenak partekatzeko gunea ere izango da. Euskadin bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako taldea da hau eta, hilean behin elkartzeko asmoa dago, betiere arratsaldez. Gainera, topaketak EGK-k hiru hiriburuetan dituen bulegoetan burutuko direnez, bidaiaren gastuak bere gain hartuko dituela iragarri du EGK-k.

Informazio gehiago nahi izanez gero, 943429767 telefono zenbakira deitzeko, bakea@egk.org posta elektronikora idazteko edo bakeahots.org web orrialdean sartzeko aukera dago.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here