Bost ikasleetatik batek eskola- jazarpena pairatzen du PISA txostenaren arabera

0
997
Ekonomia-lankidetza eta Garapenerako Erakundeak aurkeztu berri duen txostenean, besteak beste, eskola-jazarpenak emaitza akademikoetan izan dezakeen eragina aztertzen da.

Azken PISA txostenak, 2015. urteari dagokiona, hain zuzen ere, ohiko Matematika, Irakurmena eta Zientziak probez gain, ikasleen testuinguru pertsonalaren eta familiarraren inguruko azterketa ere egin du. Jazarpena pairatzen duten ikasleen heren batek bere bizitzarekin gustura ez dagoela aitortzen du.

Ekonomia-lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA/OCDE), 2015eko PISA azterketan jasotako datuetan oinarrituta, hamabost urteko ikasleen ongizatearen inguruko datuak ezagutzera eman ditu. Aipatu txostenaren arabera, ELGA osatzen duten 35 herrialdeetako 15 urteko ikasleen % 18,7k eskola-jazarpena pairatzen du gutxienez hilabetean hainbatetan. Eskola-jazarpenaz hitz egitean, isekak, mehatxuak eta eraso fisikoak hartzen dira aintzat. Azterketan parte hartu duten herrialdeen artetik Hong Kong (% 32,3) eta Letonia (% 30,6) dira daturik kaxkarrenak lortu dituztenak. Estatuari dagokionez, eskola-jazarpena pairatu duten ikasleen kopurua % 6koa litzateke.

Azken PISA txostenak, 2015. urteari dagokiona, hain zuzen ere, ohiko Matematika, Irakurmena eta Zientziak probez gain, ikasleen testuinguru pertsonalaren eta familiarraren inguruko azterketa ere egin du. Horretarako, ikasleek 30 minutu inguruko berariazko galdetegia erantzun behar izan zuten eta, Estatuaren kasuan, ikastetxeetako zuzendariek, irakasleek eta gurasoek ere antzeko galdetegi bat erantzun behar izan zuten.

Ekonomia-lankidetza eta Garapenerako Erakundeak aurkeztu berri duen txostenean, besteak beste, eskola-jazarpenak emaitza akademikoetan izan dezakeen eragina aztertzen da. Espainiari dagokionez, adibidez, eskola-jazarpen tasa handiagoa duten ikastetxeetan emaitzak okerragoak direla ikusi da. Horrela, jazarpen-tasa % 10etik gora duten zentroetan zientzietan lortutako emaitzak, batez beste, 20 puntu baxuagoak direla egiaztatu da. ELGAko beste hainbat estatu-kidetan ez bezala, Estatuan eskola-jazarpena ez dago zuzenean zentroaren tipologiarekin erlazionatuta. Estatu gehienetan, eskola-jazarpen tasa handienak dituzten ikastetxeak ingurune erdeinatuetan aurkitzen dira.

Jazarpena pairatzen duten ikasleen heren batek bere bizitzarekin gustura ez dagoela aitortzen du. Gainera, txostenak azpimarratzen duenez, eskolan izan daitezkeen arazoak gainditzeko euren gurasoen babes osoa sentitzen ez duten ikasleen artean jazarpen-tasa bikoitza da.

Ikasleen ongizatea neurtzeko PISA txostenak, besteak beste, honako alderdi hauek aztertu ditu: ikastetxearen kide izatearen sentimendu-maila, berdinen artean jazarpena pairatzeko ikasleek dituzten aukerak eta irakasleekin eta euren denbora librean ikasleek dituzten harremanak. Oro har, Estatuko ikasleak gustura azaldu dira egun duten bizitzarekin. Zehazki, Estatuko ikasleen % 74 bere bizitza pertsonalarekin gustura dagoela azaldu da. Kopuru hori Ekonomia-lankidetza eta Garapenerako Erakundean den batez bestekoaren gainetik dago (% 71).

Ikastetxearen kide izatearen sentimenduari dagokionez, Espainia sailkapenaren lehen postuan azaltzen da. 0,5 eta -0,5 bitarteko eskala batean, Espainiak 0,47 puntu lortu ditu, gehiengo puntuaziotik oso gertu.

Azterketak eta Internet
Txostenak azaltzen duenez, Estatuko ikasleek, oro har, kezka edo larritasun handia azaltzen dute euren ikasketen aurrean eta, bereziki, azterketen aurrean. Ekonomia-lankidetza eta Garapenerako Erakundeko Hezkuntza zuzendari orokorra Andreas Schleicherrek azaldu duenez, ikasleek argi izan behar dute eskolan ikasten duten guztia etorkizunean baliagarri izango zaiela. Espainiako ikasleek, sarritan, zertarako ikasten ari diren ez jakitearen sentsazioa dutela errepikatzen dute eta horrek aipatu larritasun-maila igotzen du. Schleicherrek azaldu duenez, Espainiak hezkuntzaren ikuspegi pertsonalizatuago bat garatu beharko luke, ikasle guztiek ez dutelako berdin ikasten.

PISA txostenak agerian utzi duenez, Estatuko 15 urteko ikasleen % 22k Internet gehiegi erabiltzen du. Espainiar nerabeek, batez beste, egunero 167 minutu (ia 3 ordu) ematen dute Interneten nabigatzen astean zehar. Aste-bukaeratan erabilera 215 minutu ingurura igotzen da. Gehiegizko erabilera egiten duten nerabeen kasuan, astean zehar egunero 6 ordu baino gehiago ematen dute konektatuta. Gainera, aipatu adin taldeko ikasleen bi herenek (% 69) Internetera konektatzeko aukerarik ez dutenean oso gaizki sentitzen direla onartzen dute. Kasu horretan, Ekonomia-lankidetza eta Garapenerako Erakundean den batez bestekoa % 54koa da, hots, 15 puntu baxuagoa.

Schleicherrek azaldu duenez, ikastetxean isolatuen diren ikasleak dira, normalean, Internet gehien erabiltzen duten ikasleak. Hori gurasoek eta irakasleek ezagutu behar duten informazioa da: harreman zuzena dago Interneten gehiegizko erabileraren eta isolamendu sozialaren artean.

Gehiegizko erabilera horrek eragin negatiboa du emaitza akademikoetan. Horrela, Internet gehiegi erabiltzen duten ikasleek, batez beste, 35 puntu gutxiago lortu dituzte PISA txostenaren Zientzia proban. Ohiko probetan ez ezik, ikasle horiek bere bizitza pertsonalarekin gustura ez daudela adierazteko joera handiagoa azaldu dute.

Txostenak azpimarratzen duenez, Internetek gehiegizko erabilera hori biderkatu egin da azken hiru urteetan Ekonomia-lankidetza eta Garapenerako Erakundea osatzen duten ia herrialde guztietan.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.