Nolakoak izan beharko lukete aurtengo udalekuek?

COVID-19 krisiak aurrez zeuden hainbat desberdintasun sozioekonomiko erakutsi ditu: pobreziaren aurreko zaurgarritasuna, arrakala digitala, bateragarritasun- eta zainketa-arloko gabeziak edo guztiontzako eskuragarri diren jolas-espazioak, besteak beste.

Krisiak gure bizmodua aldatu du, baina pertsona helduek, gutxienez, erosketak egitera edo lanera joateko aukera zuten bitartean, adingabeek konfinamendu askoz zorrotzagoa bizi behar izan dute. Adingabeen kasuan, beren egunerokotasuna goitik behera aldatu behar izan dute, beren lagunekin eta guneekin hautsiz.

Orain, deskonfinamenduak eta eskolako oporraldiak planteatzen duten galdera nagusia honako hau da: nola lortu koronabirusaren berragertzea ekiditeko beharrezkoak diren osasun- eta prebentzio-neurrien eta herritarron ongizatearen, nagusiki,  haur eta nerabeena, arteko oreka?

UNICEFek azaldu duenez, adingabeen udako jarduerei begira, funtsezkoa da “haurren garapen osoa bermatuko duten neurriak lehenestea, inor atzean utzi gabe”. Horrek esan nahi du haur guztiek beren gaitasunak eta ahalmenak garatzeko beharrezko baliabideak eta laguntza izan behar dituztela, kontuan hartuz elkarren mendekoak diren eta garrantzi bera duten alderdi kognitiboak, sozialak, afektiboak eta fisikoak.

Ildo berean, Save the Children eta Asociación Española de Pediatría de Atención Primaria erakundeek azaltzen dutenez, udalekuak edo kanpalekua bezalako udako jarduerak, “bereziki beharrezkoak dira egoera zaurgarrienean dauden haurrentzat, askotan urteko oporretarako aukera bakarra baitira”.  

GKE horren ustez, funtsezkoa da jarduera horiek maila sozioekonomiko eta errealitate kultural desberdinetako haur eta nerabeak hartzea, aukera eta elkarreragin soziala bultzatzeko.

Gainera, aurten, inoiz baino garrantzi handiagoa izango dute udako jarduera horiek; izan ere, aukera emango dute ikasleek jasan duten gizarte- eta hezkuntza-deskonexioa hausteko, eta indarberritze-eremu gisa jarduteko, bai hezkuntzaren arloan, bai osasunari dagokionez. Bestalde, hainbat kasutan, haurrei elikadura egokia izateko aukera bermatuko diete, bai eta jarduera ludikoak eta aire zabaleko jarduerak ere, jarrera sedentarioen eraginpean egotearen ondorioekin hausteko.

Aldi berean, jarduera horiek, halaber, traumak edo pertsona maiteen galerak izan dituzten adingabeak lagun dezakete, mina, tristura eta beldurra bideratzen. Ildo berean, zauri emozionalak orbaintzen lagun dezakete, adingabeei sentimenduak adierazteko giro segurua eskainiz. Horretarako, Save the Children eta Asociación Española de Pediatría de Atención Primaria erakundeek azaltzen dutenez, garrantzitsua da gune horietan akonpainamendu psikosozialeko jarduerak egitea.

Jolasaren garrantzia

UNICEFek dio jolasa eta aisia funtsezko alderdiak direla adingabeen garapenean, besteekiko elkarrekintzan eta trebetasun sozialak ikasten laguntzen baitute, eta adimena eta sormena bultzatzen baitituzte. Horrenbestez, jokoa funtsezko tresna da desberdintasunak murrizteko eta gizarteratzea eta berdintasuna sustatzeko.

Halaber, jolasak eta dibertimenduak egonkortasuna, itxaropena eta normaltasun-zentzua ematen diete haur eta nerabeei. Traumak edo maite dituzten pertsonen galerak izan dituztenei mina, tristura eta beldurra osasuntsu bideratzen laguntzen diete. Gakoa ingurune seguruak bilatzea da, babestuta egoteko guneak, distantzia sozialarekin eta jokoaren arau berrietara egokituz.

UNICEFek, COVID-19 delakoaren egungo egoera kontuan hartuta, neurri zehatzak dituen zainketarako eta aisialdirako gune babesleak sortzeko gida bat prestatu du hainbat neurri zehatzekin. Gida horren arabera, udako jarduerek honako lau irizpideak bete beharko lituzkete: 

  • Fisikoa: guneak haurren beharrak aintzat hartuta diseinatu behar dira. Gainera, neurri oso zehatzak bete beharko dituzte osasun segurtasuna bermatzeko.
  • Emozionala: kutsadura ekiditeko ezinbestekoa den distantzia fisikoak ez du distantzia emozionala ekarri behar. Beharrezkoa den distantzia fisikoa gorde daiteke emozionalki gertu izanda. Haurrak eta nerabeak gustura sentituko diren espazioak sortu behar dira, seguruak, beren kideak eta beste haurrekin, hitz egiteko aukera emango dietenak, betiere osasun-segurtasuneko neurriak hartuta. 
  • Heldu kontzienteak: helduak gai dira, besteak beste, afektibitatetik eta errespetutik lotura afektibo positiboak sortzeko eta gatazkei diziplina positibotik heltzeko. Arreta jartzen dute prozesu emozionalei eta bizi dezaketenari begira, haiek adierazten eta integratzen lagunduz. 
  • Haur eta nerabeen protagonismoa eta parte-hartzea: elkarri entzuteko eta haiei dagozkien gaietan iritzia emateko eskubidea aitortzen zaie, bai bakarka, bai taldean.

Bermatu beharreko 5 neurri

  • Segurtasuneko urruntze fisikoa eta maskararen erabilera.
  • Higiene pertsonaleko eta arnas higieneko neurriak sustatzea.
  • Instalazioak eta ingurua egunero garbitu eta desinfektatzea.
  • Infekzioen edo susmagarri diren kasuen aurrean isolatzeko planak.
  • Zentroetako plantillari, familiei eta ikasleei informazioa eta prestakuntza ematea.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE