D ereduan ikasi duten ikasleek ez omen dute euskara-maila egokia lortzen  derrigorrezko hezkuntza amaitzean. Hori da, behintzat, Euskadiko Eskola Kontseiluak (EEK) euskal eskolaren osasuna aztertzen duen eta argitaratu berri den txostenak dioena. Aipatu txostenaren aurkezpen-ekitaldian Kontseiluko presidente Nélida Zaitegik azaldu duenez, “gaur egun beharrezkoa dirudi hausnarketa sakona egitea euskalduntze-prozesuaren egoerari buruz eta, bereziki, D ereduan eskolatutako ikasleen euskarazko gaitasun-egoerari buruz, bai publikoa bai itunpeko pribatua, gehiengoa baita”. 

EEKren txostenean islatzen denez, duela zenbait urtetik hona, euskarazko hizkuntza-gaitasunaren emaitzak jaisten ari dira derrigorrezko bi etapetan. Konfinamenduaren ondorioz, egoerak okerrera egin duela dirudi; izan ere, familia euskaldunetan bizi ez diren ikasleek euskaraz aritzeko aukera gutxi izan dute. Txostenean jasotzen denez, euskarazko hizkuntza-gaitasuna irakurmenari dagokionez ez da nahikoa D ereduan ikasten ari diren hainbat ikasleren kasuan eta, oro har, bai eskola publikoan bai itunpeko pribatuan diren ikasleek “gaur egun, euskara maila baxua dute”. Txostenaren arabera, diagnostikoaren azken ebaluazioan, Lehen Hezkuntzako ikasleen % 37k eta DBHko ikasleen % 46k “maila baxua euskaraz” erakutsi zuten. Halaber, berezko nahiz nazioarteko ebaluazioen emaitzen arabera, “ikus daiteke D ereduko ikasleen irakurmena ez dela nahikoa eredu horretako ikasle askoren kasuan”.

Ereduak aztertzearen beharra

Zaitegik azaldu duenez, hizkuntzaren arloan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira eta aurreko hamarkadetan zen egoerarekin alderatuta aurrerapena nabaria da. Hala ere, “35 urteko ezarpenaren ondoren, hizkuntza-ereduen azterketa sakona egin behar da”, azpimarratu du Zaitegik. EEKren ustez, azken urteetan ikasleriaren profilean izan den aldaketa izan daiteke euskara-mailan izan den atzerapenaren arrazoi nagusietako bat. Izan ere, sei estratuen bilakaeran (A, B, D publikoa eta A, B, D pribatu itundua), “hasiera batean eskola-biztanleriaren sektore desberdinei zuzenduak, euskararekiko harremana, aurrez ikusitakoez bestelako ibilbideetatik igaro da, eta D ereduaren alde egin du, familiako hizkuntza eta testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartu gabe”.

EEKko lehendakariorde Maria Teresa Ojangurenek azaldu duenez, “gaur egun ezin da D eredu bakarraz hitz egin, baizik eta hizkuntza- eta hezkuntza-egoeren aniztasunaz. Horretarako, ikasleen eta ingurune soziolinguistikoaren ezaugarrietara egokitutako hezkuntza- eta hizkuntza-tratamenduko planteamendua behar da”. Egun lortzen diren emaitzak ikusita, Ojangurenek azpimarratu du “murgiltze linguistikoaren ereduak berez ez ditu gaitasun-emaitzak bermatzen, eta, ikasleen profila askotarikoagoa denez, ikasle euskaldunak pisua galtzen du””. Horregatik, emaitzen inguruko itxaropenak neurrira ekartzea eskatu du, bereziki, kontuan hartuz Euskadiko zein eskualdetakoak diren.

Aurrera begira, Euskadiko Eskola Kontseiluak irakurketa- eta ulermen-planekin lotutako lana areagotzea eskatzen du, baita gustuz edo dibertsioz irakurketa hobetzen lagunduko duten proiektuak bultzatzea ere, irakurketa-ulermenaren errendimenduarekin lotura estua baitute.

Halaber, Euskal Hizkuntza eta Literaturaren egungo curriculuma “berrikustea” eskatzen du, ikaskuntzaren oinarrizko elementuak identifikatzeko eta egoera desberdinetarako sekuentzia egokia ezartzeko. 

Azkenik, beharrezkotzat jotzen du “D ereduari buruzko azterketa sakona egitea, hura osatzen duten hizkuntza- eta hezkuntza-errealitateak identifikatu eta ezaugarritzeko eta antolaketa- eta metodologia-estrategien egokitasuna baloratzeko””.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.