Hasi da ikasturterik bereziena

Pasa den irailaren 7an hasi zen ikastaro berezi eta ezohikoenetako bat. Pandemiak eta, seguruenik, eskola presentzialetako etendurak eta denboraldi batzuetako online hezkuntzak markatuko dute hasi berri den ikastaroa. 

Itzulera  mailaka egin da. Irailaren 7an hasi ziren Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak. DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak irailaren 15ean hasi ziren; Lanbide Heziketan, berriz, hilaren 14tik aurrera hasi dira lanean, ikasturtearen eta zikloen arabera.

Guztira, 372.000 ikasle izan dira unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan ikasturte berria hasi dutenak.

Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, datu horrek unibertsitate aurreko etapetan % 0,67ko jaitsiera izan dela erakusten du. Aurreko urteetan ikusi ahal izan den joerari jarraipena emanez eta, nagusiki, jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, beherakadarik nabarmenena Haur Hezkuntzan gertatu da (0-5 urte tartean), 4.938 ikasle gutxiagorekin (% 5,9 gutxiago). 

Lehen Hezkuntzaren kasuan, aurreko ikasturtean hasitako beherakadak jarraipena izan du hasi berri den ikasturte honetan ere. Horrela, eta aurreko ikasturteko datuarekin alderatuta, aurten 1.593 ikasle gutxiago izango dira aipatu etapan; hots, % 1,22 gutxiago.

Familiek seme-alabak eskolatzeko aukeratzen duten sareari dagokionez, sare publikoa nahiz itunpeko pribatuaren arteko orekak Euskal Hezkuntza Sistemaren ezaugarri izaten jarraitzen du, baina erdiek baino gehiagok aukeratzen dute publikoa. Familien % 50,9k sare hori aukeratzen du, eta % 49,1ek, berriz, itunpekoa edo pribatua.

Hizkuntza-ereduei dagokienez, azken urteetako joerak berean jarraitzen du: D eredua da ikasle guztien artean hautatuena, eta Haur Hezkuntzan hazten jarraitzen du: 3-5 urteko adin-tartean 0,8 puntu egin du gora eta, horrela, ikasleen % 81,2 D ereduan ikasten ari dira. B eredua % 15,6k aukeratu du, eta A eredua, berriz, familien % 3,2k adin tarte horretan.

Haur Hezkuntzan eta lehen Hezkuntzan ez bezala, Lanbide Heziketan, aurrematrikula datuek ikasle kopuruan igoera bat izan dela erakusten dute (% 4,35 gehiago). Dena den, Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da igoera hori aipaturikoa baino handiagoa izango dela matrikula epea ixtean. Lanbide Heziketan, era berean, datuek erakusten dute ikasgaiak euskaraz ematen dituzten ereduek gora egin dutela. D eredua % 21,3tik % 21,8ra igaro da aurreko ikasturtetik hona, eta B ereduan 1,2 puntukoa da igoera, % 18,8tik % 20ra.

Osasuna bermatzeko neurriak

Pandemiak prebentzio-neurri batzuk hartzera behartuko du. Prebentzio pertsonalerako neurriei dagokienez, Hezkuntza eta Osasun Sailek garrantzitsutzat jo dute maskararen erabilera indartzea. Derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera uneoro erabiltzea, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gorde. Haur Hezkuntzan ez da derrigorrezkoa izango. Irakasleen kasuan, maskara erabili beharko dute beti.

Kudeaketa ikastetxeetan 

Ikastetxeei dagokienez, zentro bakoitzak arduradun bat izango du COVID-19rekin lotutako alderdiak lantzeko. Pertsona hori, zentroko zuzendaritzarekin batera, Osasun Publikoarekiko koordinazioaz arduratuko da.

Halaber, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko Erakunde Sanitario Integratu (ESI) bat izango du. Ikasle edo irakasle batek COVID-19rekin bateragarria den sintomarik badu, ez du ikastetxera joan beharko. Azkenean kasua baieztatzen bada, ikastetxea bere erreferentziazko ESI-arekin harremanetan jarriko da, eta uneoro Osasun Publikoaren jarraibideak beteko dira.

Jangelak eta garraioa

Eskola-garraioari dagokionez, COVID-19ren aurkako prebentzio-neurrien inguruan indarrean dagoen araudia aplikatuko da, bai eta “Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID-19ren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko” dokumentuan jasotakoak ere.

Era berean, gomendagarria da ikasleek autobusean eserleku jakinak izatea, autobus bakoitzean garraiatzen diren haurren zerrenda izatea eta horiek autobusean zein lekutan esertzen diren ezagutzea. Ikasle guztiek eta gainerako langileek maskara erabiliko dute uneoro, baina 6 urtetik beherako haurren kasuan ez da derrigorrezkoa izango; bai, ordea, gomendagarria.

Jantokiari dagokionez, ikasturtearen hasiera honetan, ikasle kalteberak dituzten ikastetxeetako jantoki-zerbitzua lehenetsiko da, ikastetxeak jantoki-zerbitzuaren eskaintzari buruz hartutako erabakiaren arabera, eta betiere lan-arriskuen prebentziorako neurrietan ezarritako neurriak errespetatuz.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE