Fernando Buesa Fundazioak, Baloreen hezkuntzan egiten duen lanari jarraiki, 10 eta 14 urte bitarteko nerabeei zuzendutako bideo joko bat prestatzen ari da. Bideo-joko horren bidez Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsaleko hainbat artikulu erakutsi nahi zaizkie, hain zuzen ere, euren errealitatetik gertuen daudenak.
Helburua da Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak defendatzen dituen baloreak transmititzeko, ikastetxearekin eta familiekin elkarlanean aritzea. Izan ere, errazago defendatuko dituzte eskubide horiek, ezagutu eta praktikatzen badituzte. Zentzu horretan, oso baliagarria da mundu birtual batean proposamen bat garatzea gazteek Deklarazioa barnera dezaten.
Bideo jokoan abentura bat proposatzen da. Planteamendu ludiko batetik abiatuta, Deklarazio Unibertsalarekiko hurbilketa bat egin nahi da. Aske izateko, justizia defendatzeko, eta errespetuz eta elkartasunez jarduteko beharra planteatzen zaie neska-mutilei, beti ere hurbileko ikuspegi batetik, hots, eurek bizi dituzten gatazkak oinarri harturik, baina, baita ere ingurune birtualaren erosotasunetik.
Bideo-joko horrek mundu honetara zuzendutako beste produkzio informatiko askok ez duten ezaugarri bat du, lankidetzaren bidez eta modu progresiboan jarduteko pentsatuta baitago. Jokalariak aurrera egiten du jokoan, ez bakarrik gatazkak gainditzen dituenean, baina baita ere lagunak egiten dituenean egoera berri bati elkarrekin aurre egiteko.
Beraz, aukera bat da Deklarazio Unibertsaleko baloreen defentsa aktibo eta konprometituaren araberako sare sozial bat eratzeko.
Espero da bideo-joko hau ikastetxeetan eta familian erabiltzea eta tresna didaktikoa izango dela irakasle zein gurasoentzat, gizakien futsezko eskubideei buruzko hausnarketan eta jakintzan sakontzeko.