15 eta 17 urte bitarteko nerabeen artean, nesken %70ek dio alkohola noizbait kontsumitu duela
Orain dela pare bat urte, datuek adierazten zuten emakume gazteak gizon gazteak baino gehiago tabakoa kontsumitzen zutela eta orain ere alkoholarekin gauza bera gertatzen hasi omen da Euskadi eta Drogak 2010 -oraindik amaitzeke- txostenaren arabera.
Txostenari erreparatuta, 15 eta 17 urte bitarteko nerabeen artean, hamarretik zazpik noizbait alkohola kontsumitu du. Horietatik, %70 neskak izan dira erantzun hori emandakoak eta %68 mutilak. Egia da neskak ez daudela mutilak baino askoz urrutiago, alabaina, Eusko Jaurlaritzako Drogomenpekotasun Zuzendaritzarako datu kezkagarriak dira “kontsumoa feminizatzen ari delako”.
Era berean, datuek diote joera bera dagoela 18 eta 19 urteko gazteen artean. Izan ere, hamarretik bederatzik noizbait alkohola probatu du %95 emakumeak izanik.
2008 urteko datuekin alderatuta, orain arte neskak mutilen hurbil agertzen ziren kontsumoari dagokionez baina, lehenengo aldiz joera aldatu da. Hori dela eta, Drogomendekotasunaren sailatik datu hauekin prebentzio politikak aldatuko dituzte, politika hauek kontsumoa gazteen artean ahal den gehien atzeratzea erdietsi nahi baita.
Oraindik ez da aurten aztertu zein den nerabeen hasiera adin batezbeste hori eta 2008n 15 eta 18 urte bitartekoen %69k ekin zioten kontsumoari, 15 urte baino lehenagokoen %17k eta %21ek 18 urte baino gehiagokoek.
Mozkorraldiei dagokionez, gazteak dira gehien bat izaten dituztenek. Gauzak horrela, 15 eta 24 urte bitartekoen %15,3k azken urtean 12 alditan edo gehiagotan mozkortu dira. Aitzitik, biztanleri osoa hartuz gero, portzentai hori %4,8ra jaisten da. Gainera, 15 eta 24 urte bitartekoen %14,7k dio azken hilabetean 5 edo gehiago alkohol mota desberdin kontsumitu ditu bi ordutako epean.
Hala eta guztiz ere, adituen esanetan, behintzat 2008ko datuak aintzat hartuta, arrisku gehien dagoen eremuan 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean dago. Hori bai, Eusko Jaurlaritzak edaten hasten diren gazteen adina atzeratzea lortu nahi du politika desberdinen bidez.