Plaza Barrian dabiltzan zonbi “bilbotarrek” hartutako Bilbo apokaliptikoa izango da maiatzaren 2tik 8ra bitartean ospatuko den Fanten
Hondamendi izugarriak hartu du Bilbo -ez da benetakoa, fikzioa baizik-. Plaza Berria sutan dago, eta izaki bitxi eta desorientatuak dabiltza bertan, atzera eta aurrera. Bilbo apokaliptiko horretan, zonbi batek ezinbestean errepikatu behar du Bilboko ohitura sakonenetakoa. Ohiko egun bat izango balitz bezala, eta bizirik dagoen hildakoa dela ahaztuta, ezin du bete gabe utzi hain barruan duen ohitura, “pote” bat hartzea eta pintxo beldurgarri bat ahora sartzea. Gauza batzuk ez dira inoiz aldatuko.
Pertsonaia hori da maiatzaren 2tik 8ra bitartean burutuko den Fanten, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren, XVII. edizioa iragartzen duen kartelaren ardatz nagusia. Tonu ilunek, zonbiaren irudi beldurgarriek, Bilbo, Plaza Barria bezain kokagune enblematikoaren eta herrikoiaren bitartez lekutzeak, irudiak kanporatzen duen umore beltz ukituarekin batera, grafikoki indartsua den konposizioa eratzen dute. Irudiak bat egiten du, erabat, Fanten izpirituarekin eta, aldi berean, mundu osoan jarraitzaile asko eta asko dituen zonbien filmen azpi-generoari omenaldia eskaintzen dio.
Edizio honetako berrikuntza nagusia, jaialdiaren egoitza nagusia Alhondigako Golem zine aretoetara eraman izana da. Bertan izango dira zine emanaldiak eta inaugurazio ekitaldia (maiatzaren 2an, 20:00etan), Friedrich W. Murnauren Fausto (1926), klasikoaren emanaldiarekin, The Silent Band orkestra donostiarrak musikaz lagunduta.
Alhondigako auditorioan burutuko den inaugurazio saio honetarako sarrerak 4 euroren truke erosi ahal izango dira bihartik aurrera zine aretoko txarteldegian. Horrez gain, Golem aretoko txarteldegian salgai egongo dira bihartik aurrera, baita ere, saio guztietarako abonuak, inaugurazio ekitaldia barne, 20 euroren truke.
Beste berrikuntza bat zinemaldiaren bigarren egoitzaren leku aldaketa da. Aurreko bi urteetan egoitza San Frantziskoko Udaltegian egon bazen, aurten, zinemaldia Otxarkoaga auzora eramateko apustua egin da, bertako Udaltegira. Sekzio ofizialaren paraleloa izango den zine programazio berezia eskainiko da bertan.
Fant Food
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak indarrak berriztatzeko eta proiekzioen erritmoari jarraitzeko lekua ere izango du. Alhondigan dagoen La Florinda jatetxeak Fant menu berezia eskainiko du aste osoan, genero fantastikora egokitutako proposamenekin, ausartenentzat bakarrik, 10 euroren truke. Alhondigako kafetegiak ere bat egingo du genero fantastikoarekin, Fant pintxo berezi bat eskainiz.
Beste alde batetik, eta umeak eta gazteak inplikatzeko eta jaialdira hurbiltzeko xedez, Fant hasi aurreko asteburuan, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean, Alhondigako Laborategi Aretoak, umeei eta gazteei eskainitako brikolajeari (7 eta 12 urte artekoentzat) eta magiari (13 eta 17 urte artekoentzat) eskainitako tailer fantastikoak jasoko ditu. Tailer horiek, zientzia fikziozko zinean beharrezkoak diren trukuak eta efektuak hurbilduko dituzte.
Brikolaje tailerrak goizeko 11:00etatik 13:00etara eskainiko dira (bat larunbatean eta bestea igandean), eta magia tailerrak arratsaldez izango dira, 17:00etatik 19:00etara (bat larunbatean eta bestea igandean). Lau tailerretako bakoitzak 25 pertsonarentzat lekua izango du, eta 5 euro balioko ditu. Tailer horietan parte hartzeko interesa duten pertsonek e-mailez eman ahal izango dute izena: fantmagia@gmail.com.
Horrez gain, larunbatean, apirilaren 30ean, Yandiola Jatetxeko prestakuntza aretoak (Yan Eskola), umeei zuzendutako sukaldaritza fantastikoko tailerra eskainiko du.
Musika
Zine bikainez betetako aste baten aurrerapen gisa, aurreko urteetan bezala, Fantek zuzenean eskainitako musika emanaldiak ere izango ditu. Fanten aperitibo gisa, zineari buruzko erreferentziak izango dituen DJ saio bat ere programatu da, Kid Koala kanadarraren eskutik, Travis Flint bideo-sortzaile bilbotarrarekin batera, Kafe Antzokian, apirilaren 29an, gaueko 21:00etan.
Disko-jogailuen beste malabarista batzuek erakusten duten zarata autistatik urrun, Ninja Tune familiako lehen kide amerikarraren musika proposamena, bokazio zinematikoa duen betiko hip-hop-aren ume keinuen eta mota guztietako soinu interferentzien amalgama orekatua da. Kontzerturako sarrerak salgai daude, 6 euroren truke (aurretiko salmenta), BBK-ko kutxazainetan, Ticketmasterren, Power Recordsen eta Kafe Antzokiko txarteldegietan.