Maiatzaren 27tik 29ra ospatuko den jaialdia energiaz beteta dator: kaleko dantzak, graffitiak, antzerki obrak, musika egunez zein gauez

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren bulegoak Olatu Talkaren aurrerapen bat eskaini du. Gizarte- eta kultur-energiaren jaialdiak, hiru egunetan zehar hainbat ekitaldi askotariko hartuko ditu barne.
Jarduera nagusietako bat maiatzaren 28an, Gipuzkoa plazan Tamayo paperdendak eta Gipuzkoako Arte Elkarteak elkarlanean antolatu duten Artearen eta artisten topalekua izango da. Topaketa honek hamaika ekintza hartuko ditu barne: lantegiak, marrazteko eta moldatzeko modeloak, pintura, arte azoka, instalazioak, artista gonbidatuak, esperimentuak, etab. Artea maite dutenentzat topagune ezinhobea izango da.
Egun berean, arratsaldean, Zuloaga enparantzak musikadun antzerki obra bat hartuko du, Wir bauen eine Stadt (Jaso dezagun hiri bat, 1930), Paul Hindemith alemaniarrak konposatutakoa eta kasu honetan Joxan Goikoetxeak moldatua eta Juan Garzia idazleak euskarara itzulia. Obra, eskusoinuen alarde gisan, Hernaniko Musika Eskolak prestatu du eta Euskal Herri osoko soinujoleen parte-hartzea izan du. Gaia honakoa da: hiri moderno baten eraikuntza eta ikuskera bere biztanleen ikuspuntutik… eta guztiak umeak dira.
Umeentzat antzerki lan gehiago ere izango dira, Peru eta otsoa kasu, Sergei Prokófievek 1936an idatzia eta izenburu berbera duen umeentzako kontaketa errusiar herrikoiean oinarritua. Victoria Eugenia Antzokian antzeztuko dute 18:00etan (euskaraz) eta 19:00etan (gaztelaniaz), maiatzaren 27an. Aurkezten den bertsioa Musika eta Dantza Eskolaren eskutik dator eta bertan Carlos de la Cruz zein Enekoitz Martínezek zuzentzen duten orkestra sinfonikoak parte-hartuko du, batetik, eta baita umez osatutako dantza garaikide talde batek ere, bestetik.
Dantzak ere badu bere lekua Olatu Talka programan. Horrela, Maria Eugenia Maisuechek Itiner Dantza antolatu du, hiriko alde zaharreko hainbat agertokitatik pasatuko den dantza eta musika emanaldi ibiltaria. Cum Jubilo abesbatza izango da ikusleak puntu batetik bester eramateaz arduratuko dena.
Aurten ere, iaz arrakasta handia izan zuen ekimen bat izango da, Open mike (mikrofono irekia), tokiko kontzertuen autogestioaren jarduera eredugarria: bakarlari eta taldeak iritsitako ordenean jotzen dute, 30 minutu bakoitzak, instrumentu material bera da guztientzat eta gehienez ere 15 minutu izango ditu talde bakoitzak aurretik entseatzeko. Ekintza hau musika atsegin duten guztientzat dago irekia, eta baita sorpresak gogoko dituztenentzat ere.

Energia +, CO2 –
Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzak beste urrats bat eman du aurrera ekologiaren eta bioaniztasunaren begirunearen aldeko bere apustuan eta ‘Energia gehiago, CO2 gutxiago’ programa jarri du abian bere proiektuak ingurumena errespeta dezan ziurtatzeko. Prozesu honen oinarriak honakoak dira: garraio publiko eta ekologikoa erabiltzea, inguratzen gaituen lurraldeari zor diogun errespetua erakustea eta herritarrei ingurumena denon partekatutako ardura dela ikustaraztea eta ulertaraztea.
Olatu Talka 2011 izango da lehen jarduera non konpromiso berritu honi dagozkion ekintza zehatzak martxan jarriko diren. Helburuak bi dira, nagusiki: alde batetik, aldaketa klimatikoa bizkortzen duten negutegi efektuaren gasen emisioa murriztea eta, bestetik, herritarrak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan sentsibilizatzea eta kontzientzia, XX. Mendeko ingurumen arazo nagusietako bat baita, eta guztion ardurakoa, gainera.
Esparru honen baitan egingo diren ekimen zehatzen arten bat da aipagarriena: jaialdiaren baloreekin, iraunkortasuna eta emisioen murrizketa, ados daudela erakusteko programako jardueren sustatzaileei konpromiso sinadura bat eskatuko zaie. Manifestua www.rompeolas.eu-n bertan jaitsi ahal izango dute hala nahi dutenek.