Pasa den urriaren 4 eta 27 bitartean, Medicusmundi Gipuzkoak eta UPV/EHUko Erizaintza Eskolak antolatuta, ‘Osasun Sexual eta Ugalkorraren XI. Ikastaroa’ burutu zen Donostian. Aurtengo edizioan, aditu desberdinen eskutik, munduan zehar osasun sexuala eta ugalkorraren egoera aztertu da.
Aditu hauen guztien artean, Peruko Movimiento Manuela Ramoseko kidea den Eleana Rodríguezen partehartzea azpimarra daiteke. Rodríguezek Latinamerikan eta, zehazki, Perun, eliza katolikoak osasun sexualaren gainean duen eragina salatu zuen. Zentzu honetan, Rodríguezek eliza katolikoaren hierarkiak, politikari eskuindarren laguntzaz, abortoaren kontra egiten duen presioa salatu zuen. Abortoaren ilegaltasunak hainbat emakume oso baldintza kaxkarretan abortatzera behartzen ditu eta, ondorioz, hainbat emakume hil egiten dira bortatzeagatik.
Dena den, abortoak zein baldintzetan burutzen diren ez da osasun sexual eta ugalkorraren inguruan den arazorik handiena. Izan ere, munduan (baina batez ere herrialderik txiroenetan), urtero, 500.000 emakume baino gehiago hil egiten dira amatasunarekin zerikusia duten faktoreengatik. Era berean, Nazio Batuen arabera, munduan diren gaixotasunen %18ak osasun sexual eta ugalkorrarekin zerikusia du, hala nola, HIESa edota bestelako sexu-transmisiozko gaixotasunak.
Munduko hainbat lurraldeetan emakumeek ez dute bere sexualitatearen inguruko kontrolik. Lurralde hauetan, emakumeek ez dute bere harreman sexual, ezkontza edota izan nahi duten seme-alaben kopuruaren gaineko kontrolik eta, ondorioz, bere bizitzaren zati handi bat haurdunaldi etahaurren zaintzan ematen dute. Honek guztiak, emakumeen garapena oztopatzen du, lan horiek betez ezin baitute lan merkatuan barneratu.
Aurtengo edizioan ere, aipatu gaietaz aparte, bestelako gai hauek ere jorratu dira: pertsonen orientazio eta nortasun sexuala, osasun sexual eta ugalkorraren eta pobreziaren inguruko harremana, pertsonen esplotazio sexuala edota ohiko maskulinitate eredua zalantzan jartzea.