Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren Eguna ospatzeko ’30 eskubideak beti’ izeneko kanpaina abian jarri du. Aipatu kanpainan, kirol, kultura, gastronomia, arte, moda, justizia eta kazetaritza alorretako ordezkari desberdinek parte hartuko dute Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren artikuluei beraien ahotsa eta irudia ipiniz. Aurten, Aldarrikapen Unibertsalaren onarpenaren 63. Urteurrena ospatuko da.
Kanpaina prentsa-iragarki, irratiko iragarki labur eta telebistako iragarkiez osatuta dago. Bertan Euskadiko hainbat aurpegi ezagun ikusgai izango dira, hala nola, Igor Antón, Karlos Arguiñano, Ainhoa Arteta, Virginia Berasategui, Garbiñe Biurrun, Xabier Euskitze, Julian Iantzi Agustín Ibarrola, Anne Igartiburu, Kepa Junkera, Klaudio Landa, Juanma López Iturriaga, Toti Martínez de Lezea, Roberto Moso edota Edurne Pasaban.
Aldarrikapena, oinarrizko eskubideak eta funtsezko askatasunak gizon-emakume guztiei datxezkiela lehen aitorpen unibertsala izan zen. Herritartasuna, bizilekua, generoa, jatorri nazional edo etnikoa, azal kolorea, erlijioa, hizkuntza edo beste edozein baldintza alde batera utzirik, 1948ko abenduaren 10ean nazioarteko komunitateak gizon-emakume guztiontzako duintasuna eta justizia defendatzeko konpromisoa hartu zuen.