Bizkaiko Foru Aldundiak Egin eta Ekin programaren akzesitak eta sariak banatu ditu. Programaren helburua DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean kultura ekintzailea zabaltzea da eta, aurten, 19 ikastetxetako 766 ikaslek parte hartu dute. Guztira 132 proiektu aurkeztu dira bi lan-modalitateetan: 84 asmakizun eta 48 negozio-plan. Guztiek bete dute ebaluazio prozesu bat, eta lau akzesit eman dira, bi kategoria bakoitzean, eta sari bana kategoria bakoitzean.
Asmakizunen modalitateko akzesit biak Lauaxeta Ikastolako eta Gernika BHIko ikasleek lortu dituzte. Lehenengoak Asier Etxebarria, Jon Bilbao, Maialen López eta Joseba Alonso dira; ”Sensorineitorra” itsuentzako eta ikusmen arazoak dituzten pertsonentzako sentsorea egin dute. Ander Jiménez, Ander Pérez, Ainhoa Sánchez eta Pello Arriolak lortu dute beste akzesita, “Matinete Maleta” patinete-maletarekin.
Negozio-planari dagozkion bi akzesitak honako hauek eskuratu dituzte: Txomin Agirre ikastetxeko Naia Bedialauneta, Intza San Martín eta Mailen Plazak, “Ecophone” sakelako telefono ekologikoarekin, eta Zunzunegi BHIko Rubén Vázquez, Ismael Aouragh, Mohamed Sidi, Irene Pérez, Iván Elena Bayón eta Carlos Víctor Sauzak, ”Sicobombon” bonboi-botikarekin.
Lehiaketa honetan saritutako asmakizuna ”Horrela hobeto” da, telebistako eta irratiko soinua zeinu-hizkuntzara itzultzeko programa. Egileak Elorrioko Institutuko Maider, Andoni, Ibone, Gorka eta Itsasne dira. Negozio-planaren saria Fray Juan de Zumarraga BHIko Iratxe Agirre, Mikel Fernández, Jon Montero eta Aner Arruabarrenak lortu dute.