Gazteek e-postarako eta gizarte sareetan aritzeko erabiltzen dute batez ere Internet
Maiatzaren 17an Internet Eguna ospaÂtzen da eta, hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen Interneten kontsumoari buruzko datuak argitara berri ditu. Datu hauek guztiak, Behatokiak pasa den martxoan 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri egindako inkesta baten emaitza dira.
Ikerketaren daturik aipagarriena honakoa da: 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %98k Internet erabiltzen du. Aurreko urteetako datuekin alderatuta, Internetera konektatzen diren gazteen kopurua hazi egin dela ikus daiteke.
Estatuko beste gazteen erabilerarekin alderatuz, EAEko gazteen erabilera altuagoa dela ere ikus daiteke (%98 EAEn eta %92 Estatuan, hurrenez hurren).
Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, gainera, EAEn Internet gazteen kontua dela esan daiteke. Izan ere, gazteen artean, esan bezala, erabilera %98koa den heinean, 29 urtetik gorakoen artean, berriz, ehuneneko hori %55eraino jaisten da.
Gero eta gazte gehiago konekÂtatzeaz gain, gazteek konektatuta ematen duten denbora ere handiagoa da. Horrela, 2000 urtean, astean 15 ordu baino gehiago konektatzen ziren internauÂta gazteak %3 ziren; 2012an, aldiz, %29 izatera pasa dira.
Interneten emandako asteko ordu kopuruan gehien eragiten duten alderdiak ez dira sexua, adina edota ikasketak, baizik eta zeregin nagusia eta astia: ikasleak eta langabetuak, bai eta astegunetan 4 ordu libre baino gehiago dituztenak ere dira Interneten konektatuta ordu gehien ematen dituztenak.