Kontuz telefonotik bidaltzen duzunarekin

0
141

INTECOk (Instituto Nacional de Tecnologías de la Comunicación) eta Pantallas Amigasek gazteei zuzendutako sextingaren inguruko gida kaleratu zuten pasa den urtearen hasieran.

Sexting-a gazte eta nerabeen artean gero eta hedatuagoa dagoen praktika da eta izaera sexuala duten edukien hedapenean datza. Eduki hauek, bideoak zein argazkiak, igorleak berak ekoiztuak dira, normalean, sakeleko telefonoaren bidez. Sexting hitza ingelesetik eratorritako terminoa da: Sex (sexua) + Texting (testu idatzien bidalketa SMS bidez).

Sextinga ez da soilik gazteen artean ematen, baina zenbait faktore direla eta, fenomeno honen alde negatiboak pairatzeko aukera gehiago izaten dituzte.

Lehenik eta behin, garbi izan behar dugu sextingean adin gutxikoa dela, modu kontzientean, argazkia edo bideoa ekoiztu eta hedatzen duena. Normalean, beste norbaitek eskatua, dibertimenduagatik, lagun baten zirrara sorrarazteko edota ondo sentitzeko egiten dute.

Praktika arriskutsua
Hala ere, modu inozoan egiten den horrek, arazo handiak sor ditzake, teknologia berrien bidez edukiak kontrolik gabe hedatzen baitira. Lagun soil batekin partekatu nahi zen irudia munduko beste puntan amai daiteke minutu gutxitan. Hori dela eta, sextingak duen arriskurik handiena pribatutasunaren galera da: behin edukia bidalita horren gaineko kontrola galtzen da. Edukiaren jasotzaileak eduki hori hedatzeko aukera izateaz gain badira kontrola galtzeko beste moduak ere: sakeleko telefonoaren lapurreta/galera edo crackinga (hirugarren batek sakeleko telefonoan diren edukietara baimenarik gabe iristen denean).

Eremu pribatuan geratu behar ziren eduki sexual horiek publiko bilakatzen direnean, arazo psikologikoak ere sor daitezke: depresioak, urduritasuna…

Sextingaren kasuan, izaera sexualeko edukien erabilera beste pertsona bat umiliatzeko erabiltzen denean, ciberbullying kasu baten aurrean izan gaitezke. Bestalde, izaera sexuala duten irudi hauek, pertsona desegokiaren eskuetan, estortsio eta xantaiarako elementu bilaka daitezke. Fenomeno hau, sextortsioa izenarekin ezagutzen da.

Grooming-a ere sextinarekin erlazionatuta azal daitekeen fenomenoa da. Kasu hauetan, pertsona heldu batek adin gutxiko baten konfidantza irabazten saiatzen da sexu izaera duten ‘mesedeak’ lortzeko. Groominga egiten duen heldu baten eskura sextingaren bidez bidalitako edukiak iristen badira, honek eduki hauek erabil ditzake, sextortsioa erabiliaz, adibidez, izaera bereko eduki gehiago lortzeko.

Aipatu arrisku psikologiko hauetaz guztietaz gain, sextingak arrisku fisikoak ere izan ditzake, batez ere pederastak tartean sartzen direnean. Jende askok ez dakien arren, gailu elektronikoekin atera­tzen diren argazki edota bideoek badute ezkutuan den informazio bat. Informazio horrek, adibidez, argazkiaren geolokalizazioa ematen du, hots, argazkia zehazki non atera den.

Sexualitatea eta nerabetasuna
Nerabetasunak berezkoak diren zenbait ezaugarri ditu. Adin tarte honetan, sexualitatea definitzeaz gain, talde baten parte izateak ere garrantzi handia du. Hori dela eta, sarritan, sexuarekin zerikusia duten gaiekiko esposizioa handiagoa da, batez ere, gertuko lagun taldearen artean.

Zer egin
Praktika ‘dibertigarria’ izan badaiteke ere, sextinga ez da batere praktika gomendagarria. Gailu elektronikoen bidez partekatutako edukien gaineko kontrola ezinezkoa da eta, ondorioz, kaltegarria izan ahal zaigun edozein eduki partekatzea ideia ona ez dela jakin behar dugu. Edukiak bidali edo jasotzean sextingean parte hartzen ari gara. Honek dituen arriskuak ekidi­tzeko, ‘jokoarekin’ amaitzea gomendatzen da, irudi gehiago ez bidaliz edota jasotako iruduak ezabatuz.

Hau jakinda, edukiak partekatu baino lehen, erabiltzen ditugun gailu elektronikoen segurtasun eta pribatutasun maila ezagutu behar dugu. Sakeleko telefonoan ditugun edukiak babesteko gomendagarria da telefonoa pasahitz baten bidez babestua izatea, batez ere, telefonoa galtzen badugu edo lapurtzen badigute. Kontutan hartu behar da ere, izan badirela eduki horiek ‘lapurtzeko’ aukera ematen duten malware delakoak.
Bikotekideak edota gustoko duzun pertsona horrek izaera sexuala duten bideo edo argazkiak bidaltzea eskatzen badizu, har daitekeen erabaki zuzen bakarra ezetz esatea da. Bestelako kasuetan, hots ezezagunak etab… pertsona heldu baten laguntza eskatu beharko da.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.