Ikasleriaren gehiengoak selektibitatea gainditzen duen arren, gutxi batzuek ez dute azterketa hau gainditzen. Badira ere, bere trebakuntzarekin jarraitzeko azterketa hau egin behar ez duten ikasleak. Kontrakoa pentsa badaiteke ere, selektibitatea egin gabe hamaika dira trebatzen jarraitzeko dauden aukerak. Hauetako batzuk, gainera, unibertsitate ikasketak duten lan merkaturatze tasa handiagoa dute.
Duela zenbait urte ez bezala, lan merkatuak unibertsitate ikasketetatik at dauden profilak ere eskatzen ditu. Honek, selektibitatea egin nahi ez duten edo azterketa gainditu ez duten horientzat albiste ona da.
Selektibitatean lortzen diren emaitzak gero eta hobeak diren arren, izan badira froga hau gainditzea lortzen ez duten ikasleak. Honen aurrean, azterketa errepikatzea edota ikasturte bat galtzea dira aurkezten diren alternatibak. Hala ere, mundua ez da selektibitatearekin amaitzen eta badira trebatzen jarraitzeko hamaika aukera desberdin.
Gustoko duzuna ikasi
Gustoko duzun lanbidean lan egiteko ez da derrigorrez unibertsitatetik pasa behar. Unibertsitatera joan nahi ez baina goi ikasketak burutu nahi dituzten horiek, normalean, Lanbide Heziketara jotzen dute.
Lanbide Heziketa, gaur egun, ondoko familietan banatuta dago: Administrazioa eta kudeaketa, Arte grafikoak, Elektrizitatea eta elektronika, Elikagaien industria, Eraikuntza eta obra zibilak, Fabrikazio mekanikoa, Garraioa eta ibilgailuen mantenimendua, Gizarte eta kultur-zerbitzuak, Gorputz- eta kirol- ekintzak, Informatika eta komunikazioa, Instalazioa eta mantenimedua, Irudia eta soinua, Kimika, Merkataritza eta marketina, Nekazaritza, Osasungintza, Ostalaritza eta turismoa, Zehar-lerroa, Zurgintza-altzarigintza-eta-kortxoa.
Lanbide Heziketak duen balio erantsia bere izaera praktikoa da. Euskal Lanbide Heziketa kalitatezko aukera erakargarria da eta enpresa munduaren beharretara egokituta dago. Gainera, Lanbide Heziketako ikasketek, ondoren, unibertsitatera joateko aukera ematen dute.
Estatuan arrakasta handia duen (Ikasleen %10a) beste aukera bat goi ikasketak zentro pribaturen batean burutzea da. Zentro hauek harreman handia izaten dute enpresekin eta ez da masifikaziorik ematen. Normalean, Enpresa kudeaketa, Marketing, Turismo eta Ikusentzunezko sektoreetan egiten dute lan.
Artea, kirolak eta hizkuntzak
Askok zaletasunatzat hartzen badituzte ere, artearekin zerikusia duten disziplinak ere irtenbide profesionala izan daitezke: musika, dantza, arte plastikoak, diseinua… Kasu hauetan, oinarrizko ikasketak edota goi ikasketak ere buru daitezke. Gauza bera gertatzen da kirolarekin. Kirolaren inguruko goi ikasketek entrenamendu, talde zuzendaritza edota zailtasun handiko ibilbideetako gidaritzarako prestatzen dute ikaslea. Ikasketa hauetan sartzeko nahikoa izaten da batxilergoko titulua izatearekin.Hizkuntzek ere irtenbide profesionala eskaintzen dute. Gaur egun ia edozein hizkuntza ikasteko aukera dago Hizkuntza Eskola Ofizialetan edota akademia desberdinetan.