Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua buru zela egin da, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza nagusian, 2011-2012 ikasturteko Batxilergoko Aparteko Sariak banatzeko ekitaldia. Sariketako probetan puntuaziorik onenak izan zituzten 15 gazteek jaso dituzte sariak, guztiak ere egun unibertsitateko lehen mailan ikasketak burutzen ari direnak.
Irabazleek, saridun direla egiaztatzen duen diploma jaso dute Sailburuaren eskutik. Horrekin batera, Hegoafrikako Errepublikan hiru asteko ingeles ikastaroa eta egonaldia ere badagokie gazteei, baita 935na euroko ordainsaria ere. Baina sariak Bikaintasun Bekak eskuratzeko bidea ere erraztu die gazteei: sarituetako bakoitzak 0,5 puntu gehiago jaso ditu beka hori lortzeko, eta hain zuzen ere, 15 sarituetatik 11k eskuratu dute diru laguntza hori aurten.
Iazko ikasturtean batxilergoa bataz beste 8,75 puntutik gorako notaz gainditu zuten 646 gazte aurkeztu ziren Batxilergoko Aparteko Sariketako azterketetara, eta horietan puntuaziorik altuena lortu zuten 15 ikasleek jaso dituzte aipatu sariak. Azterketa horietan ikasgai komunei buruzko ariketak egin behar izan zituzten, bai eta norberaren batxilergo modalitateko ikasgaiei zegozkienak ere.
Sari-banaketa ekitaldian, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko ikasleek osatutako soka boskoteak Haydn eta Elgar-en piezak jo ditu, eta ekitaldiaren argazki erreportajea egiteaz berriz, Gasteizko Arte eta Diseinuko Goi mailako Eskolako ikasleak arduratu dira.
Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzeko antolatzen ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sari hauek. 2012-2013 ikasturteko sarietarako deialdia, laster argitaratuko da.