Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko, Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiak, 14-17 urte bitarteko gipuzkoar gazteentzat zuzenduta dauden udako ekintzen 334 plaza eskainiko ditu. Aisia eta abenturako jarduerak dituen programa honen helburu nagusia, gipuzkoar gazteei beren aisialdi-astialdiak modu aberasgarrian erabiltzen laguntzeko politika aurrera eramatea da.
Haurren, Nerabeen eta Gazteen sustapenerako Zerbitzuaren gizarte eta heziketa jardueren udarako programa da hau. Aurtengo jarduerak uztailean eta abuztuan egingo dira eta 7, 10 eta 12 eguneko oporraldiak izango dituzte.
110 plaza eskaintzen dira 5 txandetan estatuko autonomia erkidegorekin koordinatuta; zehazki Madril, Extremadura eta Gaztela eta Leon. Txanda horiek gaztelaniaz egingo dira, erkidego horietako gazteekin nahastuta. Beste 7 txanda, 210 plazekin, euskaraz egingo dira, toki hauetan: Araba, Zuberoa, Menorca eta Gipuzkoan.
Ekintza asko eta era askotakoak eskaintzen dira. Abenturako jarduerez gainera kulturalak eta ludikoak ere egiten dira oporraldietan, esate baterako: mendi ibilaldiak, eskalada, uretako jarduerak (piragua, bela, urpeko igeriketa, raftinga,…), tailerrak (malabarismoa, larrua lantzea…), kultura ibilaldiak. Musikarekin zerikusia daukan Gazterock, Gasteizen egingo den egonaldia ere bada eta Arabako gazteekin egingo dute gazte gipuzkoarrek. Dena den, txanda guztietan mota ezberdineko ekintzaz osaturiko programazioa izango dute, hau da, ekintza hezitzaileak, aisialdikoak, kirolak, kultur bidaiak eta taldeko ekintzak ere bai harremanak eta aberastasun pertsonala lantzeko asmoarekin prestatu direnak.
Izena emateko prozesuari dagokionez, hauek bakarka, edo gehienez hiru laguneko taldeka egin daitezke www.gipuzkoa.net/oporraldi edo kanpainan parte hartzen duten bulegoen bitartez. Parte hartzaile bakoitzeko eskaera orri bakarra onartuko da, programan parte hartu nahi duten guztiei aukera berdintasuna ziurtatzearren.