Jakinbai.eu, euskarazko Lanbide Heziketaren web 2.0 berria

p1297Lanbide Heziketako eta arlo profesional guztietako 700 euskal material inguru biltzen dituen azken 12 urteetako lanaren emaitza da webgune hau

Lanekik, Lanbide Heziketa sustatu eta hobetzeko elkarteak, –Ikaslaneko LHko ikastetxe publikoek eta HETELeko itunpekoek osatua– www.jakinbai.eu webgunearen diseinu berria eta edukiak estreinatu ditu. Lanbide Heziketari lotutako euskarazko materiala sortzeko eta Interneten partekatzeko helburuz sortu da webgune hau.

2001. urtetik geroztik abian dagoen atariak diseinu eguneratua eta erakargarria duela ekin dio aldi berriari. Haren berrikuntza nagusia, halere, Komunitatea izeneko atal berria da. Horri esker, Lanbide Heziketako irakasleek berek sortutako materiala webgunera igo eta parteka dezakete. Horrela, oso sinergia interesgarriak sortzeko aukera izango dute.

”www.jakinbai.com ataria web 2.0 bihurtu da. Horren bidez, erabiltzaileak bere materiala atarira igo eta komunitateko gainerako kideekin parteka dezake. Lanbide Heziketarentzat ezinbestekoa da euskarazko materiala sortzea, ez dagoelako eta, gainera, argitaletxeek argitaratzen ez dutelako, ez baita ekonomikoki errentagarria”, azaldu dute Lanekitik. ”Oso pozik gaude, lau egunetan 400 lagunek baino gehiagok alta hartu dutelako eta materialak webgunean partekatzen ari direlako”.

Webguneak ohikoa den atalari eutsi dio, Lanbide Heziketaren hiztegiari hain zuzen, lan-tresna hori nahitaezkoa delako LHko irakasle eta ikasleentzat. ”12 urteko lanaren emaitza da, 8.400 kontzeptu inguru biltzen ditu eta, terminoei dagokienez, euskarazko 8.700 eta gaztelaniazko 8.200 ditu. Termino horiekin lotutako testuak, berriz, 129.359 dira”. Hiztegia aberastu egin da Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoa inplementatuta.

Webgunearen beste hobekuntza bat hitzak bilatzeko sistema da: “Termino bat aurkitzeko, termino-zerrenda osoan, testuetan, hiztegi osoan edo familia jakin batean bila daiteke”. 2012an, www.jakinbai.eu webguneak 20.952 erabiltzaileren bisita izan zuen.

Zer da Laneki
Lanbide Heziketa euskalduna sustatu eta hobetzeko elkartea da Laneki. 2001ean sortu zuten Ikaslan Gipuzkoak, Ikaslan Bizkaiak, Ikaslan Arabak eta HETELek. Euskarazko material didaktikorik ez zegoela jakitun, Lanbide Ekimena programa jarri zuten abian, LHko materiala euskaratu eta Interneten erabiltzaileen esku jartzeko xedez. Hasiera-hasieratik, Lanekik teknologia berrien aldeko apustua egin zuen; izan ere, hainbeste espezialitate zirenez eta bezeroak hain atomizatua zeudenez, paperezko ohiko formatua ez zen egokia.
www.jakinbai.eu webgunean bildutako material guztia edozein erabiltzailek du eskura, libreki eta doan.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE