Bizkaiko Foru Aldundiak sexu-joera desberdinen errespetua sustatzeko kanpaina garatu nahi du ikastetxeetan. Pasa den ikasturtean kirol esparruan egindako lanaren ildotik, Aldundiak bereziki DBHn garatuko du kanpaina hau, izan ere, ziklo honetan ematen dira sexu-joerak direla eta abusu kasu gehien. ISEI/IVEIk egindako azterlan baten arabera, DBHko ikasleriaren %10 baino gehiago sexu-joera dela eta ematen den abusu kasuren baten lekuko izan da.
Aldundiko Gizarte Ekintza diputatua den Pilar Ardanzak aditzera eman duenez, irakaslerian den trebakuntza faltak, sarritan, biktimen babes faltan eragiten du. “Hainbat kasutan, irakasleek kasu ez egiteko esaten diete biktimei, baina hori ez da jarrerarik egokiena. Irakaskuntzako bestelako esparruetan trebatzen diren moduan, horrelako kasuei ere aurre egiteko trebatu beharko lirateke” azpimarratu du Ardanzak. Kanpaina honetarako Aldundiak CD desberdinak banatuko ditu ikastetxeetan, euskaraz zein gaztelaniaz, irakasleek sexu-joeren gai hau lan dezaten.
DBHn ezezik, UPV/EHUn ere kanpaina hau garatuko da. Horrela, Bizkaiko campusean erakusketa ibiltari bat izango da gai hau jorratzen. Aipatu erakusketa, sexu askatasuna oinarrizko eskubidea dela azaltzen duten panel desberdinetan oinarritzen da. Hauen diseinuan gay, lesbian eta transexualen Aldarte elkarteak hartu du parte.