Eusko Jaurlaritzak 2014ko udan atzerrian ingelesa, frantsesa eta alemaniera ikasteko deialdia ireki berri du. Guztira, 533 plaza izango dira, eta diru publikoa jasotzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako DBHko 3. eta 4 mailetako eta Batxilergoko lehenengo eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta dago eskaintza hau.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak 847.038 euro bideratuko ditu aipatu ikastaro horietara. Atzerrian ingelesa, frantsesa edo alemaniera ikasteko plaza lortzen duten ikasleei hainbat gastu ordainduko zaizkie: joaneko eta itzulerako bidaia, bidaia asegurua, matrikula eta ikasturteko eskola materiala, ostatua, mantenua eta lotako lekutik ikastaroa izango den tokira arteko garraioa.