Zientziarekiko grina

Urriaren lehen astean Passion for Knowledge delako topaketa burutu da gure artean. Honen xedea gizartean zientziaren garrantzia sustatzea izan da eta, aurten, DBHko ikasleek lau Nobel Sarirekin hitz egiteko aukera izan dute

Euskadi izan da hil honen hasieran zientziaren komunikaziorako topaketa garrantzitsu baten gune. Passion for Knowledge – Quantum 13 lelopean, topaketa honek zientziarekiko irrika eta garapen zientifikoen zein nolako garrantzia duten transmititu nahi izan du. Aurtengo topaketak, gainera, gonbidatu oso bereziak izan ditu, izan ere, gure artean lau Nobel Sari eta bi Asturietako Printzea Sari izan dira.

Passion for Knowledge – Quantum 13 topaketaren ezaugarri nagusienetako bat parte hartzea izan da. Horrela, programatuta ziren jarduera desberdinen artean, honako hauek azpimarra daitezke: hitzaldiak, antzerkia, edota formatu desberdinetako komunikazio ekintzak. Era berean, Passion for Knowledge – Quantum 13 zientzia komunitaterako kongresu bat izan da eta, bertan, ikertzaile gazteei bideratutako tailerrak, bigarren hezkuntzako ikasleentzako elkarguneak eta publiko guztira zuzendutako jarduerak izan dira.

Donostia International Physics Center izan da (DIPC) topaketa honen antolatzailea eta jarduera guztiak Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren barruan garatu dira.
Programatutako jarduera guztiak publiko ororentzat bideratuta izan dira, hauen artean bertaratu diren Nobel Sarien hitzaldiak azpimarra daitezkeelarik. Hitzaldi hauekin batera, Naukas Quantum delako saioak gehitu behar zaizkio. Saio hauetan, Naukas online komunikazio plataforma ezaguneko kideek, 10 minutuko hitzaldi laburren bidez, gai zientifiko desberdinen inguruko bere ikuspuntua azaldu zuten. Era berean, “La entrevista” izenburuko antzazlana ere estreinatu zen. Lan honetan, zientzia bere bizitzen ardatz duten bi pertsonen arteko harreman pertsonaletan sakontzen da.

Nobel Sariak ikasleekin
Publiko ororentzat bideratutako hainbat jardueretaz gain, eta aurreko edizioetan hasitako ibilbideari jarraituz, Passion for Knowledge – Quantum 13 topaketak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak zientziara gerturatu nahi izan ditu lehen mailako zientzilariekin elkartzeko aukera emanez.

Horrela, top@DIPC – zientziarekin solasean!topaketak burutu dira Donostia, Bilbo zein Gasteizen. Hauetan, DBHko ikasleek bertaratu ziren Nobel Sariekin eztabaidatzeko eta ikuspuntuak elkar trukatzeko aukera izan zuten. Topaketa hauek 2009. urtetik ospatzen dira eta hauen xedea ikasketa zientifiko eta teknologikoen bokazioa sustatzea da, horretarako, zientziarekiko grina piztu nahi delarik. Topaketa hauetan, modu informal batean, ikasleek puntako zientzilariekin haurrez aurre hitz egiteko aukera izan dute eta baita bere zalantzak planteatzeko ere. Guztira, 80 ikastetxeetako 500 ikasle eta irakaslek hartu dute parte eta, esan bezala, gonbidatutako zientzilariek, baita hauen artean ziren Nobel Sariek, zientziarekiko eta ikerketarako duten grina edo irrika azaldu zuten.

Donostian, adibidez, gazteek Jocelyn Bell Burnell astrofisikoa, Juan Ignacio Cirac Fisiko teorikoa eta Fisika Nobel sariduna den Claude Cohen Tannoudjirekin izateko parada izan zuten. Gasteizen, berriz, ikasleak Kimika Nobel sariduna den Aaron Ciechanover eta Rafael Yuste neurobiologoarekin izan ziren. Azkenik, Bilbon Kimikako Nobel sariduna den Dudley Herschbach eta fotonikan aditua den John Pendry izan ziren.

Tailerrak
Hau guztia gutxi balitz, Passion for Knowledge – Quantum 13 edizio honetan, lehen aldiz, trebakuntza tailerrak eta Nobel Pitch izeneko tailer berezia izan dira. Hauek guztiak, bereziki unibertsitatean diren ikasleei eta ikerlari gazteei bideratuta zeuden. Horrela, Donostian burututako Nobel Pitchean, esparru desberdinetako (biologia, fisika eta kimika) graduondoko zenbait ikerlari gaztek gure artean izan diren lau Nobel Saridunei bere lanak aurketeko aukera zuen.

Bestalde, aipatu tailer hauen xedea ikerlari gazteei bere ikerlanen komunikaziorako tresna eraginkorrak aurkeztea izan da. Azken finean, zientzilari on batek, gizarteari modu eraginkorrean hedatu behar dio burutzen dituen aurrerapen guztiak.

Azkenik, Passion for Knowledge – Quantum 13ri amaiera emateko, Donostian eta Bilbon burututako hiru trebakuntza tailer izan ziren. Gonzalo Álvarezek “Presentación Científica” delakoan zientzilariek bere lanak beste zientzilarien aurrean aurkezteko behar dituzten trebetasunak aurkeztu zituen. “Divulgación científica” delakoan, berriz,José Ignacio Latorrek eta Cesar Tomék publiko orokorraren aurrean zientzia aurkezteko gakoak azaldu zituzten. Azkenik, “Valorización de la investigación y estrategias de emprendimiento” tailerran, Asier Rufinok ezagutzaren eraldaketa negozio nola bilakatu azaldu zuen.
Passion for Knowledge – Quantum 13 barruan ere Brand Ritchie Workshop-aren XXX. edizioa burutu da. Edizio honen ardatza kondentsatutako materiaren fisika eta materialen zientzia izan da.