Lanbide Heziketari buruzko aplikazioa izango da
Tartanga eta Zornotzako GLHBIko Informatika eta Komunikazioko ikasleek eta Ikaslan Bizkaiak Lanbide Heziketari buruzko App berri bat sortzeko lankidetza proiektua jarriko dute martxan ikasturte honetan.
Informatika eta Komunikazioko azken ikasturteko ikasleek garatuko duten smartphone telefonoetarako aplikazioak informazio eguneratua eskainiko du; heziketa-ziklo bakoitzean eta Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bakoitzean eskainiko den leku kopuruari buruzkoa, eta ikastetxeok eskatzen dituzten gutxieneko noten ingurukoa, hain zuzen ere.
Matrikula (matrikula eta ez-ohiko matrikula) egiteko garaian, heziketa-ziklo bakoitzean zenbat leku libre geratzen diren eta onartuko diren gutxieneko nota baxuenak zeintzuk izango diren adieraziko du aplikazioak. Aurre-matrikula egiteko garaian, berriz, ziklo bakoitzean zenbat ikasle onartuko diren eta aurreko urtean eskatu ziren gutxieneko noten berri emango du.
Ikaslan Bizkaiak sustatutako ekimen berri honek bi ikastetxe horietako ikasleen lan-aukerak hobetu nahi ditu. Horretarako, produktu bat merkatura–tzeko aukera eskaintzeaz gain, ikasleen prestakuntza akademikoa osatuko duten gaitasunak benetako lan egoera batean indartuko dira, erronka teknikoak talde lanarekin, bilerekin eta entrega epeekin uztartuz.
Ikastetxeen arteko lankidetza ekimen honek 2013-2014ko ikasturtean izandako esperientzia arrakastatsuan du jatorria. Izan ere, Tartanga GLHBIko ikasle eta irakasleek, Ikaslan Bizkaiaren laguntzarekin, Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako ikasketa eskaintzari buruzko informazioa jasotzen zuen App bat sortu zuten.
Aurreikuspenen arabera, aplikazio berria 2015eko martxotik aurrera egongo da erabilgarri Android telefonoentzat, Google Play dendan.