Prestik’14, Bizkaiko gazteentzako lanbide azoka, azaroaren 25 eta 26an burutuko da Euskalduna Jauregian

Azoka hiru ardatz nagusitan banatuko da: prestakuntza, enplegua eta ekintzailetza. Lan bila dabiltzanen eta lana eskaintzen dutenen arteko topagunea izan nahi du.

Bizkaiko Foru Aldundiak Prestik’14, lanpostu baten bila edo lanpostu-aldaketa baten bila dabiltzan Bizkaiko gazteei zehazki zuzendutako lan azokaren laugarren edizioa, aurkeztu berri du. Azoka honen edizio berria azaroaren 25 eta 26 bitartean burutuko da Bilboko Euskalduna Jauregian. Ordutegia honakoa izango da: goizeko 10:30etatik iluntzeko 19:00etara, etenik gabe.

Aldundiak antolatzen duen azoka honen xede nagusiak langabezian dauden edo ikasten ari diren gazteei Bizkaian izan ditzaketen lan-garapen eta lanbide-garapen aukerak ezagutaraztea; lanaren, prestakuntzaren eta ekintzailetzaren arloko profesionalei sektore horretan dauden berrikuntzak ezagutaraztea; eta buruan negozio-ideia bat garatzea edo enpresa-proiektu bat abiaraztea duten ekintzaileei orientabideak eskaintzea dira.

Hortaz, azokak bi ardatz nagusi ditu. Batetik, enpresak, hezkuntza-zentroak eta erakunde publikoak elkartzeko gunea izan nahi du, gazteen etorkizun profesionalaren inguruko orientabideak eskaintzeko, Bizkaian enplegurako, ekintzailetzarako eta prestakuntzarako dauden programa guztiak ezagutaraziz. Bestetik, sektoreko profesionalei dei egin nahi die Bizkaian lan, prestakuntza eta ekintzailetzan dagoen egoeraren eta dauden joeren inguruko ezagutza sortu eta zabaltzeko.

Helburu horiek lortzeko, 4.000 metro koadroko gune bat diseinatu da, ezaugarri nagusi bat izango duena: azokako partaideen (gazteak eta erakundeak) arteko interakzio-gaitasuna handitzea, aurreko edizioetakoaren aldean. Gune zabal hori hiru arlo nagusitan egongo da banatuta: prestakuntza, lana eta ekintzailetza.

Arlo horietako Bizkaiko erakunde nagusiak izango dira bertan eta gazteek egun lanbide-garapenaren eta lan-garapenaren eremuetan dauden aukerak gertutik ezagutu ahal izango dituzte. Arlo horietan hainbat jarduera burutuko dira: ikastaroak, hitzaldiak, lantegiak eta hautagaien eta hautatzaileen arteko aurrez aurreko lan-elkarrizketak egiteko gune bat.

Online
Bizkaiko Foru Aldundiak web orri bat abiarazi du (www.bizkaia.net/prestik), eta bertan kontsulta daiteke gazte lanari buruzko azoka honen inguruko informazio guztia, eta, aurreko edizioan bezalaxe, aurten ere postontzi elektroniko bat egongo da helbide horretan, gazteek bere curriculumak aurkez ditzaten, izen-ematea egin dezaten eta lan bila dabiltzanen eta hautatzaileen arteko topaketak eta elkarrizketak prestatzeko erraztasunak eskaintzeko.

Laugarren edizioa
Prestik’14 azokak aurreko hiru edizioetan lortu duen arrakastaren bermea du. Aurreko hiru edizioetan, guztira, 21.000 pertsona baino gehiago biltzea lortu baitu. Kopuru horren ia erdia, 10.067 per–tsona, Prestiken azken edizioan lortu zen, 2012ko azaroan egindako azokan, orain arteko jendetsuenean, hain zuzen ere.
2009ko apirilean egin zen gazte lanbidearen inguruko azoka honen lehendabiziko edizioa, eta bertan 5.000 gaztek hartu zuten parte; 2010eko azaroan egin zen bigarrena, eta 6.000 partaidetik gora izan zituen edizio horrek.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE