Satyarthi indiarrak eta Yousafzai pakistandarrak haurren hezkuntzaren alde egindako lanarengatik jaso dute saria
Kailash Satyarthi indiarra eta Malala Yousafzai gazte pakistandarra izan dira aurtengo Bakearen Nobel sariaren irabazle. Sariaren emate-ekitaldian bertan Nobel Fundazioaren Kontseiluko Presidentea den Carl-Henrik Heldin-ek azaldu zuenez, sari honen bidez “funtsezkoa den eskubidea aintzatetsi nahi izan da, hezkuntza eta haurtzaro seguru bat izateko eskubidea, hain zuzen ere”. Heldinek gehitu zuenez, “erlijio, genero edota etnia alde batera utzita, pertsona guztiok dugu horretarako eskubidea”. Heldin-en hitzetan, “gizateriak aurre egin behar dien erronkei aurre egin ahal izateko, hezkuntza ezin da talde bakar baten pribilegioa izan. Hezkuntza funtsezkoa da nazio eta pertsonen arteko bizikidetza baketsu eta garapenerako”. Egun bizi dugun testuinguruaren eta bere garaian Alfred Nobelek bizi izan zuenaren arteko parekotasunak azaldu ostean, Heldinek “hezkuntza eta ikerketaren garrantzia ezin dela gutxietsi” azpimarratu zuen.
Haurren hezkuntza
Kailash Satyarthi indiarra eta Malala Yousafzai gazte pakistandarra sarituak izan dira haurren hezkuntzaren alde egin duten lanarengatik. Satyarthi-ren kasuan, epaimahaiak bere ausardia saritu nahi izan du, izan ere, Gandhiren tradizioari jarraiki, Satyarthik hainbat manifestaldi eta prostesta baketsu antolatu izan ditu haur-esplotazioa salatzeko. Satyarthi 1954an jaio zen Indiako Vidisha-n eta, gaur egun, haur esplotazioaren kontra lan egiten duen GKE baten presidentea da. 1998an arazo honen kontra protesta egiteko mobilizazio bat antolatu eta 7 milioi pertsona baino gehiago elkartzea lortu zuen.
Malala Yousafzai-ren kasuan, berriz, epaimahaiak gazte honek neskatoen hezkuntza eskubidearen alde egin duen lana saritu nahi izan du. Kontutan hartu behar da Malala Yousafzai, jada, pasa den urteko saria irabazteko faborito nagusienetako bat izan zela. Oso gaztea izan arren (18 urte), Yousafzaik bere jarduerarekin haur eta gazteei bere egoera hobetzeko bidea erakutsi die. Yousafzai 1997an jaio zen Pakistango Mingora herrian eta duela bi urte larriki zauritua izan zen eskolara eramaten zuen autobusa erasotua izan zenean. Bere segurtasunarengatik Erresuma Batura eraman zuten eta, azken bi urte hauetan, emakumeen hezkuntza eskubidearen ikono bilakatu da. 2013. urtean, ‘Time’ aldizkari estatubatuarrak Yousafzai munduan den eragin handiko pertsonen artean kokatu zuen.
Saria bi hautagai hauen artean banatzean, Nobel Fundazioak bakearen aldeko mezua ere luzatu nahi izan du. Izan ere, irabazleek tradizionalki gatazkan bizi izan diren bi komunitateetako kideak dira, halaber, hinduak/musulmanak edota indiarrak/pakistandarrak.
Adituen ustetan, gaur egun, 168 milioi haur inguru lanean aritzen dira inolako baldintzarik gabe. Zorionez, eragile desberdinek gaitz honekin amaitzeko egiten duten lanari esker, azken 14 urtean 78 milioitan jaitsi da horrelako egoeran aurkitzen diren adingabetuen kopurua.
Beste hautagaiak
Aurtengo Bakearen Nobel Saria irabazteko aukera zuten beste hautagaien artean Francisco Aita Santua, Denis Mukwege mediku kongoarra, Nazio Batuetako idazkari orokorra den Ban Ki-moon, Alemaniako kantziler-ohia Helmut Khol, homosexualen eskubideen aldeko Frank Mugisha aktibista ugandarra eta Edward Snowden CIAko kide ohia aurkitzen ziren.