Gazte euskaldunen % 17ak euskaraz irakurtzen du batez ere
Pasa den abenduaren 3an ospatu zen Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteek euskaraz idatzitako testuak irakurtzearen bilakaerari buruzko azterketa burutu du.
Euskadiko gazteak bildumaren azken txostenak azaltzen duenez, euskaraz ‘ondo’ edo ‘oso ondo’ irakurtzen duten gazteen % 17k batez ere euskaraz irakurtzen dute, % 24k neurri berdinean euskaraz zein gazteleraz, eta % 56k batez ere gazteleraz. Txosten horiek lau urtean behin burutzen ditu Gazteen Euskal Behatokiak.
Ez dago alde nabarmenik gizon eta emakume gazteen artean euskaraz edo gaztelaniaz irakurtzearen zaletasunari dagokionez: mutil elebidunen % 18k eta neska elebidunen % 17k dena edo ia dena euskaraz irakurtzen dute. Alde esanguratsuenak 10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan aurkituko ditugu, bertan gazte elebidunen % 25ek dena edo ia dena irakurtzen baitute euskaraz, herri ertainetan edo hiriburuetan baino askoz neurri handiagoan. Halaber, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek eta Gipuzkoan bizi direnek gainerakoek baino ehuneko handiagoak azaldu dituzte euskaraz irakurtzen dena neurtzen denean. Adierazle honen bilakaera positiboa da. Euskaraz irakurri ahal dutenen artean hizkuntza hori aukeratzen dutenak gehitu egin dira azken zortzi urteotan, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan.