Hezkuntza Whatsapparen aroan

0
149

Azken urteetan IKTek gizartean eta hezkuntza esparruan hartu duten garrantzia ukaezina da, baina, nola kudeatu hauen erabilera ahalik eta etekin gehien lortzeko?

Aro digitalean bizi gara. Gure egunerokotasunean duela hamar urte existitzen ez ziren gailuak ezinbestekoak bilakatu dira eta, seguruenik, gailu hauek guztiak zaharkituak izango dira hamar urte barru. Belaunaldi gazteenentzat, teknologia hau zerbait naturala da, honekin batera jaio direlako. Horregatik, IKTen erabilera guztiz zabalduta dago gure gizartean baina, bereziki, gazteen artean.

Internet, zalantzarik gabe, oso tresna erabilgarria da. Dena den, bere erabilerak baditu zenbait arrisku ere, batez ere, adingabekoen inguruan hitz egiten ari garenean. Horregatik, komenigarria litzateke hauen erabilera zuzena egitea, arriskuak ekidituz eta ahalik eta etekin gehien lortzen saiatuz. Helburu bikoitz hori lortu ahal izateko, ezinbestekoa da gazteak IKTen erabileran hezitzea. Alde batetik, teknologia berrien erabilera irakatsi behar zaie eta baita hauen erabilera sustatu ere: ordenagailua pizten irakatsi, nabigatzailea zabaldu eta bilaketetarako hitz egokienak aukeratzen irakatsi, pasahitza egokien erabileraren garrantzia azpimarratu, edozein artxibo deskargatzeak izan ditzakeen arriskuetaz ohartu… Bestalde, IKTak erabiltzen direnean jokabide edo portaera zuzenak izaten ere irakatsi beharko litzateke: erabilera orduak, pribatutasuna mantentzearen garrantzia, arriskuak detekta–tzeko gaitasuna sustatu… Gazteek IKTen erabilera arduratsua ikasi behar dute, bizitza errealean bezala, bizitza birtualean egiten dituzten gauza guztiek ere bere ondorioak dituztelako. Adituen ustetan, zenbat eta gazteago hasi orduan eta errazago hori guztia lortzea.

Uda Ikastaroa
Honen guztiaren inguruan hitz egiteko, datorren uztailaren 2 eta 3an, UPV/EHUko Uda Ikastaroen egitarauaren barruan, ‘Educar en los tiempos de Whatsapp: Recursos para gestionar la relación con el alumnado adolescente’ izenburua duen ikastaroa burutuko da Donostiako Miramar Jauregian. Estefanía Jiménezek eta Maialen Garmendiak zuzentzen duten ikastaro horren helburu nagusia nerebeek egiten duten gailu eramangarri eta Interneten gehiegizko kontsumoaren ondorioz sor daitezkeen arazoak aztertzea da, halaber, aipatu gehiegizko erabilera, sexting delakoaren praktika eta bertatik eratorritako arazoak, gizarte sareek kontrol sexistarako ematen duten aukera, ciberbullying-a, etab…

Jiménez eta Garmendia EU Kids Online ikerketa taldeko kideak dira. Une honetan, estatu mailan burutzen ari den ikerketa egiten murgilduta daude eta, bertan, 9 eta 16 urte bitarteko gazteek IKTen zein nolako erabilera egiten duten aztertzen ari dira: zein gailurekin konektatzen dira, zertarako, zenbat denboraz… Ikerketa honen emaitzak aipatu uda ikastaro horretan aurkeztuko dituzte eta baita 2010. urtean burututako azterlanaren datuekin alderatu ere.

Gainera, bereziki irakasleentzat zuzendutako ikastaro horretan aditu desberdinek IKTen erabilerari lotuta dauden arazo desberdinen inguruan arituko dira. Sarritan, gazteak ez dira IKTen erabilerak izan ditzakeen arriskuetaz jabetzen eta, horregatik, komenigarria da hauen gaineko informazioa ematea. Jiménez eta Garmendiaren ustetan, hau mezu positiboen bidez egin beharko litzateke, diskurtso positibo eta hezitzaile batean oinarrituta. Bertan, irakasleek rol garrantzitsua joka dezakete, nolabait ere, gurasoekin batera, gazteen heziketaren zutabeetako bat direlako eta informazio hori guztia modu egokian helarazteko aukera dutelako.

IKTak ikasgelan
Hezkuntza formalaren erronka nagusienetako bat, hain zuzen ere, IKTak ikasgeletan txertatzearena da. Gizartean jada hedatuta dagoen erabilerak ez du isla ikasgeletan, agian, erabilera horren xedea oso garbia ez delako. Horren inguruan hitz egiteko, pasa den maiatzaren 7an, Azkue Fundazioak antolatuta, ‘Teknologia irakaslearen eskura’ izenburuko jardunaldia burutu zen Bilboko Euskararen Etxean. Bertan, teknologiaren aplikazioa didaktika arloan, dinamizazioan eta eskolak eskaintzerako orduan eman diren aldaketak, garapenak eta esperientzia ezberdinak eman ziren ezagutzera. Gainera, Azkue Fundazioak berak euskarazko eduki eta baliabideak partekatzeko sortu duen Klikasi.eus izeneko plataforma ere aurkeztu zen.

Bi izan ziren jardunaldian izandako hitzaldi nagusiak. Lehenengoan, Santiago Mollek IKTek zein neuritan eraldatzen duten ikasgelako espazioa eta denbora azaldu zuen. Mollen ustez, hiru lirateke IKTak hezkuntzan txertatzeko dauden sistemak: E-Learninga, B-Learninga (Blended learning) eta Flipped Classroom delakoa. Azken honen arabera, irakasleak etxean nola egin behar den azalduko luke. Ikasleek, beraz, etxean barneratuko lituzkete zenbai aurre-ezagutza eta klasera joan orduko, horien jabe izango lirateke. Klasean, hezkuntza kooperatiboaren bidez, eduki hauek guztiak landuko liarteke, beti ere, bestelako kontuen gainean aritzeko denbora gehiagorekin.

Tknikako kidea den Iñaki Telleriak, berriz, lanbide heziketan izan diren zenbait esperientzia azaldu zituen. Adibidez, Ikanos proiektuaren bidez, zeharkako modu batean, irakasteko modua aldatu eta ikasleak digitalki gaitzeko saiakera egin zen. Ekimen honetan 11 ikastetxe, 50 irakasle eta 250 ikaslek hartu dute parte.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.