Arabako lan mundua euskalduntzeko ekimena

Arabako enpresa munduan euskara txertatzeko plangintza bat osatu nahi da

Ikaslan, Arabako Foru Aldundia, SEA-Arabako Enpresariak, Merkataritza-ganbera, Federación Comercio Álava, BAI Euskarari, Electra Vitoria eta Oreka It-ek osatzen duten taldeak arabako lan mundua euskalduntzea helburu duen enpresa eta erakunde aintzatetsien sare bat bultzatu nahi du. Aipatu taldea parte hartu nahi duen enpresa orori dago zabalik, bai bere ikuspuntua emateko bai bere beharrak azaltzeko.

Jasotako ekarpen guztiekin epe motz eta ertainean Arabako enpresa munduan euskara txertatzeko plangintza bat osatu nahi da.

Ikaslaneko ikastetxe desberdinak jada lana eta euskara uztartzeko ekimen desberdinak garatzen izan dira. Izan ere, Lanbide Heziketaren esparrua da gabezia gehien duen esparruetako bat, batez ere, baliabide didaktikoei dagokionez. Zentzu horretan, 2001. urtean Ikaslan eta Hetelek Laneki Elkartea sortu eta Lanbide Ekimena izeneko proiektua jarri zuten abian, besteak beste, baliabide didaktikoak euskaratzeko. Baliabide horiek guztiak, jakinbai.com web orrialdean aurki daitezke.

Elektra Vitoria eta Oreka It Arabako Foru Aldundiak eta Bai Eurkarari Ziurtagiriaren Elkarteak banatzen duten Lazarraga sarietako azken bi enpresa sarituak dira. Aipatu saria bi urtean behin banatzen da eta lan munduan euskararen normalizazioaren alde aritzen diren enpresa eta langileak saritzen ditu.