Sara Buesa, Pili Zabala eta Anton Pradera Gazte Rol Model Sarien irabazle

Begoñazpi Ikastolak banatzen dituen eta hezkuntza alorrean eredu den sari honek, ikasleentzat ahalegin eta hobetzearen eredu izango den sarituen lan eta solidaritate lana aintzat hartzen du, hori baita sariaren helburu nagusia

Sara Buesak, Fernado Buesa, ETAk hildako parlamentari sozialistaren alabak, Pili Zabalak GALek hil zuen Joxi Zabalaren arrebak eta Anton Praderak, CIE Automotiveko presidenteak jaso dute Begoñazpi Ikastolak lan eta elkartasun baloreak aintzat hartzen dituen ‘Gazte Role Model Saria’ 2015.

Jada bere zortzigarren ediziora heldu diren sariok, Estatu eta Euskadi mailan, hezkuntza munduan erreferente dira, adierazgarri diren pertsonen elkartasuna eta hobetzea bezalako baloreak geletara eramateagatik. Sari-banaketa pasa den azaroaren 9an burutu zen Begoñazpi Ikastolan bertan. Bertan, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Mónica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuko zuzendaria; Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua; Lorea Bilbao Kultura foru diputatua eta Mario Iceta Bilboko gotzaina izan ziren.

Sarituak
Sara Buesak eta Pili Zabalak ”eredu solidarioari” saria jaso zuten eta Anton Praderak, berriz, ”lan ereduari”.

Euskadiko gizarte eta lan munduko zazpi kidek osatzen duten epaimahaiak, Sara Buesak eta Pili Zabalak Eusko Jaurlaritzaren ”Adi-adian” programan egindako lana nabarmendu du. Programa horretan, terrorismoaren biktimek, Euskadiko ikastetxeetako gazteak indarkeria eta mendekuaren aurrean sentsibilizatu eta immunizatzeko asmoz, euren esperientzia azaldu dute.

Horrez gain, Begoñazpi Ikastolako zuzendaria den Merkat Bernaolak azaldu duenez, aurreko ikasturtean euren esperientzia azalduz Sara Buesak eta Pili Zabalak eskainitako saio biek eragina izan zuen Ikastolarengan zein ikasleengan: ”Euren testigantzak, barkamen eta adiskidetzearen erakusgarri izateaz gain, zintzotasun froga ere izan ziren”. Izan ere, “ikasketa-xedez, gazteen aurrean jarri eta euren bizitzako unerik mingarrienak azaltzen dabez”. Oraingoan, biktima biek jasoko dabe batera Begoñazpi Ikastolak lehenengoz bikoiztu dauan saria.

Praderari dagokionez, epaimahaiak enpresa munduko lan-ibilbidean hobetzeko duen grina azpimarratu du. Gernikan jaiotako bide-ingeniari hau, euskal industria munduko enpresaburu eta kudeatzaile gailena da. Gaur egun, CIE Automotiveko presidente eragilea da. Epaimahaiak, euskal enpresan estrategikoa dan automobilgintzan duen sormen eta barrikuntza gaitasuna ez ezik, sorturiko lanpostu zein nazioartean hedatzeko gaitasuna ere nabarmendu du.

‘Gazte Role Model Saria 2015’ epaimahaia, Euskadiko gizarte enpresa munduko zazpi adituk osotu dute, halaber: Alberto García-Erauzkin Innobasqueko presidentea, Aitor Cobanera SPRIko Barrikuntzako zuzendaria, Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidentea, Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomia saileko idazkari tekniko ekonomikoa, Gaspar Martínez Bilboko Elizbarrutiko idazkari nagusia, Nerea Begoña Elizbarrutiko Ikastetxeetako zuzendaria eta Merkat Bernaola Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE