Guztira, 74 proiektu izan dira Galicienciaren hamargarren edizioan
Lauro Ikastolak aurkeztutako proiektu batek jaso du Galicienciaren X. edizioaren sari nagusia. Ikastola bizkaitar honetako Betabot taldeak Ourenseko Tecnopole Parke Teknologikoan ospatutako azokara joateko aukera jaso zuen apirilean Bilbon Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan. ”Hezkuntzan komunikazio-kanalak irekiz” lanarekin jaso dute aitortza Ourensen, eta ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa hobetzeko software batekin lortu dute saria.
Guztira, 74 proiektu izan dira Galicienciaren hamargarren edizio honetan eta, horietatik, bi euskal ordezkari; sari nagusia irabazi duen Lauro ikastola alde batetik eta Lauaxeta ikastola bestetik.
Lauroko Betabot taldeak hezkuntza hobetzeko helburua duen aplikazio bat garatu du. Zehazki, ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa errazten duen software bat da. Ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta autismoa duen ikasle batekin probatu zuten. Lan horrek oso harrera ona izan du Galicienciaren bisitarien zein epaileen artean. Hala, hiru sari nagusietatik lehena jaso du Betabot taldearen proiektuak.