Etorkizunera begira, lan-merkatuan gaitasun eta trebetasun berriak eskatuko dira eta aipatu alor horiek aukera ematen dute beharrezkoak izango diren gaitasunak, trebetasunak eta ezagupenak garatzeko
Hezkuntzan aritzen diren adituek zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika esparruak funtsezkotzat jotzen dituzte. Ingelesezko siglak erabilita, esparru horiek STEM akronimoaren bidez izendatzen dira, hots, Science, Technology, Engineering eta Mathematics. Esparru horiek gure hezkuntzan izan behar duten papera aztertzeko, Innobasquek eta Deustuko Unibertsitateak antolatuta, ”Zergatik dira STEMak funtsezkoak XXI. mendeko hezkuntzan?” jardunaldia burutu zen Bilbon pasa den abenduaren 15ean.
STEM Jardunaldia
Jardunaldian zehar azaldutakoaren baitan, Europan zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematika alorretan enplegua gero eta handiagoa da eta, datozen urteetan, are gehiago izatea espero da. Lanbide Bokazioaren Garapenerako Europar Zentroak egindako azterlan baten arabera, lau alor horietako unibertsitate-ikasketetako titulua dutenen eskaria %14 haziko da 2020ra bitartean, beste lanbideen kasuetan, batez beste, soilik %3 haziko den bitartean. Horregatik, funtsezkoa da jakintza-arlo hauetako bokazioak gehitzea eta ikasleek etorkizuneko profesionalei eskatuko zaizkien trebetasun batzuk garatzea. Horren haritik, Munduko Ekonomia Funtsak eta The Boston Consulting Group-ek 16 gaitasun, trebetasun eta nolakotasun identifikatu dituzte, ikasle orok izan behar dituenak lan-merkatuan arrakasta izateko; adibidez, aritmetika, IKTak, finantzak, kultura eta zibismoa, pentsamendu kritikoa, problemak ebazteko gaitasuna, sormena, komunikazioa, lankidetza, jakin-mina, ekimena, iraunkortasuna, egokitzeko gaitasuna, lidergoa eta gizarte- eta kultura-kontzientzia.
Irakasgaiak modu erakargarrian
Jardunaldian zehar, STEM delakoekin zerikusia duten irakasgaiak modu erakargarrian irakasteko estrategiak aztertu ziren. Ildo horretan,besteak beste, honako partaideak aritu ziren: Elvira González, Berritzegune Nagusian Natura Zientzietako aholkularia; Merkat Bernaola, Begoñazpi ikastolako zuzendaria; Danel Solabarrieta, Elhuyar Fundazioko hezkuntza-proiektuen koordinatzailea; Diana Franco, Tabakaleran Hirikilabs-en arduraduna; María Luz Guenaga, DeustoTech Learningen Ikerketa-unitateko arduraduna; Asier Perallos, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Informatika Ingeniaritzako zuzendaria; eta, Alberto Bokos, Innobasqueko Sozializazio zuzendaria.
Gonzalezek, adibidez, Zientzia Hezkuntza ekinbidea azaldu du, nahitaezko irakaskuntzako irakasleei laguntzekoa, didaktika praktiko eta berritzailea bultzatzen duelarik zientzia-gaitasunak garatzeko. Hau eta GoLab online laborategiak Eusko Jaurlaritzaren mendeko Berritzegune Nagusiak hezkuntza ez-unibertsitarioaren berrikuntza eta hobekuntzarako duen laguntza-zerbitzuak sustatzen ditu.
Bere aldetik, Bernaolak Begoñazpi ikastolan xakearen bidez matematika irakasteko aukera azaldu zuen. Begoñazpikoa da, hain zuzen ere, xakea eskola-curriculumaren barruan sartu duen Euskadiko lehen ikastetxea. Horrela, 4 urteko ikasleek xakea ikasgai gisa lantzen dute, eta irakasgai hau Lehen Hezkuntzako etapa osora hedatzea da helburua.
Mutilen kontua bakarrik?
Bestalde, STEMen inguruan detektaturiko ahultasunetako bat da mutil gehiagok egiten dituela honelako ikasketak neskek baino. Egoera orekatzeko, Elhuyar Fundazioak Sting europar proiektua koordinatzen du, zientzia-hezkuntzan genero-ikuspegia ere sartzeko. Honela, lau unibertsitate, hiru zientzia-zentro eta fundazioa prestakuntza-ikastaro bat ari dira garatzen, 10 eta 16 urte arteko ikasleei eskola ematen dieten zientzia-irakasleentzat.
Halaber, Donostian Tabakalerako laborategien proiektua den Hirikilabs-en berezitasunaren berri eman da; bertan teknologia erreminta pedagogiko gisa erabiltzen baita.
Azkenik, Deustotech Learning-eko Guenagak Trastea Club aurkeztu du; bertan jarduerak eta lantegiak antolatzen dituzte 4 eta 14 urte arteko ikasleentzat, ikasleei nahiz ikasten ari diren ikastetxeei zuzenduta.
STEMen inguruko jardunaldi hau ”Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.