Bilboko Martín Ortizek urrezko domina irabazi du Olinpiadaren Estatu mailako fasean
Bilboko Eskolapioak ikastetxeko Martín Ortiz ikasleak bigarren urrezko domina irabazi du Estatuko 52. Matematikako Olinpiadan eta, hori dela eta, uztailean Hong Kongen (Txina) burutuko den Nazioarteko 57. Matematikako Olinpiadan parte hartzeko aukera izango du. Batxilergoko lehen maila ikasten ari den Ortizek, brontzezko eta zilarrezko dominak irabazi zituen aurreko bi edizioetan. Gainera, irailean Txilen jokatuko den Matematikako 31. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagaia ere bada.
Martín Ortizek lortutako dominaz gain, Roberto Villarejo Bilboko Nuestra Señora del Carmen ikastetxeko ikasleak hirugarren brontzezko domina irabazi du, 21. postuan sailkatu baita. Loiuko Urdaneta ikastetxeko Jorge Laka Calzada izan da Euskal Herriko ordezkaritza osatu duen ikaslea. Estatuko 52. Matematikako Olinpiadan 77 ikaslek parte hartu dute, bakoitza bere erkidegoko lehiaketan sailkatua.
Matematikako Olinpiaden helburua, kiroltasun eta zientzia giro batean, batxilergoko ikasleen artean matematika ikasketak zabaltzea eta matematikako problemei soluzioa aurkitzeko gustua handitzea da.