2008-2009 ikasturtetik hona jazarpen kasuen kopuruaren garapenak goranzko joera izan du
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezagutzera eman dituen datuen arabera, pasa den ikasturtean 487 jazarpen kasu aztertu ziren EAEko ikastetxeetan. Aztertutako kasu horietatik guztietatik, 121 kasutan frogatu ahal izan da benetako bullying kasuak izan direla. 2014-2015 ikasturteko datuekin alderatuta, frogatuta geratu diren jazarpen kasuak ia bikoiztu egin direla azpimarratu behar da. Izan ere, 2014-2015 ikasturtean 268 izan ziren aztertu ziren kasuak eta, horietatik, frogatutzat eman zirenak 67 izan ziren.
Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek azaldu duenez, aztertu diren kasuak gehiago izateak ez du adierazi nahi eskola-jazarpena handitzen ari denik. Uriartek azaldu duenaren arabera, gai honen inguruan gero eta sentsibilizazio gehiago dago gizartean eta, ondorioz, kasu gehiago azaleratzen dira. Sailburuak zenbait portaerekin gero eta jarrera gogorragoa azaltzen dela azpimarratu du.
Ikuskatzaileen buru Jose Antonio Romerok azaldu duenez, bullying-a gertatu ez dela ebatzitako kasuei ere jarraipena egingo diete ikuskatzaileek eta ikastetxeek, eta kasu horietan ere neurriak hartu dira familiak eta ustezko biktimak lasaitzeko.
Azken ikasturtean identifikatutako 121 kasu horien % 61 DBHn eman dira. Uriartek azpimarratu duenez, Lehen Hezkuntzako azken ikasturteetan antzeman diren kasuen kopurua ere esanguratsua da. Tipologiari dagokionez, kasuen % 43 hitzezko erasoak izan dira eta % 16 inguru eraso fisikoak.
Eusko Jaurlaritzak eskola-jazarpenaren inguruan dituen lehen datuak 2008-2009 ikasturtekoak dira. Ordutik hona jazarpen kasuen kopuruaren garapenak goranzko joera izan du.