Hezkuntza Sailak datorren urteko udan Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian eta Irlandan hizkuntzak ikasteko beken deialdia egin du
Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek ingelesa, frantsesa edo alemaniera ikasteko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kaleratu berri dituen bekei esker. Guztira, 533 ikasle izango dira Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian edo Irlandan hiru asteko egonaldiak egiteko aukera izango dutenak eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzak ia 850.000 euro bideratuko ditu.
Izena emateko epea urriaren 24an zabalduko da. Eskatzen diren baldintzen artean, honako hauek azpimarra daitezke: hautatutako hizkuntzan gutxienez 7 puntuko nota lortzea aurreko ikasturtean; aurreko ikasturteko batez besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana; eta, 2018an gehienez 19 urte izatea.
Beka horien bidez jasotako dirua bidaia-gastuak, bidaia-asegurua, hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, ostatua, mantenua eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa ordaintzeko erabili beharko da.
Plazen banaketa egiterakoan, kontuan izan dira bai ikaslearen hezkuntza-maila, bai familiaren egoera ekonomikoa. Plazaren bat egokitu zaien ikasleek ezinbestekoa izango dute dagokion ordainketa egitea.